Desgaitasuna duten haur eta gazteen kirolerako eskubidea berretsi dute
Eskola Kirol Egokituaren programa abian jarriko da urriaren 4tik aurrera. Goierri beheko udal gehienek babestu dute ekimena, baina gogoratu dute helburua kirol inklusiboa dela
Eskola Kirol Egokituaren inguruko konpromisoa berretsi dute, Ordiziako Majori kiroldegian. Bertan izan dira Adur Ezenarro, Ordiziako alkatea; Kepa Zubiarrain, Lazkaoko alkatea; Mikel Luloaga, Zaldibiako ordezkaria; Martin Aramendi, Ataungo alkatea: Zelai Amenabarro, Legorretako alkatea; Iñaki Alberdi, Idiazabalgo alkatea; Nagore Etxeberria, Itsasondoko ordezkaria, eta Amaia Elizondo, Kirol Egokituko Federazioko arduraduna. Goierriko udalek eta federazioak, elkarlana irudikatu nahi izan dute behar bereziak dituzten pertsonen kirola egiteko eskubidearen aurrean.
Adur Ezenarro Ordiziako alkateak nabarmendu zuen moduan, «kirolak indar handia du Goierrin, bai herri handiagoetan bai txikiagoetan, eta kirola egiteko baliabideak egokiak izan behar dira pertsona guztiek nahi duten kirola praktikatu dezaten, eta gure ardura da horiek eskaintzea herritarrei».
Ordiziaren kasuan, kirol egokituarekin konpromisoa aspalditik dator, eta hortxe dago igerilekuko eskaintza, adibidez. Dena den, eta Ezenarroren beraren hitzetan, «gaur egun, eskola kirol egokituaz hitz egiten dugu, baina benetako helburua da, egokitutik integratura pasatzea».
Kepa Zubiarrain Lazkaoko alkateak esan zuen «Goierrin eskolako adina duten haur eta nerabeen %6ak aniztasun funtzionala du, eta horiek eskola kirola egiteko aukera izango dute hemendik aurrera». Kirolak herritarren osasun fisikoan eta mentalean «eragin zuzena» duela nabarmendu zuen; «uste dugu, beharrezko baliabidea dela herritarren eta haur eta nerabe horien bizi kalitatean eragiteko».
EKE eta EKI
Federazioko ordezkariak, desgaitasuna duten haurrekin eta gazteekin eskualdeak hartu duen konpromisoa azpimarratu du, «ez dugulako ahaztu behar kirola egiteko eskubidea guztiontzat izan behar duela».
Jarraian, EKE (Eskola Kirol Egokituko programa) eta EKI (Eskola Kirol Integratuko programa) zertan oinarritzen diren azaldu du. EKEk esan nahi du «inklusioan ez denean tokia hartzen, halako talde espezifikoak sortzen dira, eta horrela astean egun batez aretoko ekintzak egiten ditugu, eta beste egun batean igerilekuko jarduera egiten dugu». Talde hauen garrantzian azpimarra egin du Elizondok; «desgaitasunaren arabera, norbere ingurune naturalean tokia bilatzea zaila izaten da, eta horregatik sortzen dira EKE talde hauek».
Dena den, argitu du, «estrategia nagusia dela «inklusiorako bidea egitea», eta hori indartzera dator EKI programa, «nahiz eta onartzen duen, hori beti ez dela posible. «Inklusioa prozesu bat da, ez da egun batetik bestera gertatzen den zerbait».
Gaur gaurkoz, Eskola Kirol Egokituko «15 talde daude» Gipuzkoan, eta «200 haur eta gazte ari dira parte hartzen».
Goierrin, pandemia aurretik hiru talde desberdin zeuden, iaz zenbakiak gutxitu ziren COVID-19aren eraginez, baina joera goranzko bidean dago berriro ere, dagoeneko «15 haur eta gazte interesatu dira». Urriaren 4an hasiko dira ekintzekin.