Agorrari adio, agortu gabeko asko dario
Iraileko azken feriak lore berriak, eta oraindik ere, udako barazki eta fruta ugari eskaini ditu. Geroz eta lasaitasun zantzu handiagoa nabarmentzen hasi da jende artean.
Ez da lehengoa oraindik, baina jende gehixeago badabil». San Migel eguneko feriaz saltzaileei entzuna. Gainera eguraldiak lagunduz gero, atzo bezala, azken urte eta erdian galdutakoa berreskuratzeko seinaletzat har dezakegu plazan, zuhaizti inguruan eta bitarteko kaleetan ikusten zen giroa. Mahaiz mahai, udako produktu asko oraindik: berenjenak, kuiatxoak, lekak, tomatea, baita kontserbatarako ere. Edota piperra, gordina edo erreta erosteko aukeran. Ugaritzen ari dira poliki-poliki aza, azalore, brokoli, bruselaza eta abar. Frutetan berriz pikuak, udareak eta denen artean sagarra nagusi, hamaika mota ezberdin aukeran.
Lore postuak
Ia desagertu dira geranioak, etxeko pozak, huntzak, besteak beste. Aldiz, hotzari aurre egiteko aproposagoak direnak ekartzen hasi dira: ziklamena txiki eta mini delakoa, azalea, txilarra, biola eta pentsamendua. Eta izango da besterik ere; primula eta antirrhinuma datozen asteetan ekarriko dituzte.
300 kilo onddo
Onddo biltzaileez mendi txokoak betetzen ari dira, batzuen otarrak ere bai. Hirurehun kilotik gora onddo izan ziren atzo salgai, ingurukoa gutxi oraindik, kategorikoak batzuk 12 eta 35 euro artean. Aldea bada bai prezioan baita kalitatean ere noski. Zizahoria, gibelurdina eta gorringoa eskaintza borobiltzeko.
Izenak izana: Agorra
Izen asko ditu gaur bukatuko den hilabete honek: buruil, setemer, urrilehen, garoil… Ezagunena iraila bada ere, inguru honetan adin handiko jendeak agorra erabiltzen du batez ere. Logika guztiz. Agortu hitzak dituen bi zentzu nagusiekiko: bukatu eta lehortu. Garai honetan biltzen dira udatik datozen hainbat uzta, arto, mahats, arbi, piper, sagar… Eta jasotakoak ongi lehortzea ere ezinbestekoa da, babarruna, intxaurrak… Tokika abuztuari agorrila ere esan ohi zaio, naturaren muga zabaltasunaren isla nonbait.
Bestalde, Goierrin gaur azoka berri bat egiten hasiko dira: Zopazoka, Seguran. Ostegunero 16:00etatik 19:30era artean Aizkorpeko ekoizleekin, bertako eta Euskal Herriko produktu ekologikoak eskuratzeko aukera izango da. Merezi duen arrakasta opa diogu.