Beasainen sortu dute Ardi elkarte nazionala
Eusko Jaurlaritzako, Akitania Berriko eta Nafarroako Gobernuko ordezkariak izan dira sinaduran. Ipar eta hego Euskal Herriko hainbat artzain eta Neikerreko arduradunak ere izan dira
Igartza Jauregian egin dute Ardi elkartea eratzeko ekitaldia, gaur goizean. Bittor Oroz Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza, Arrantza eta Elikagaien Politikako sailburuordea, Andde Sainte Marie Akitania Berriko kontseilaria eta Itziar Gomez Landa Farapeneko eta Ingurumeneko kontseilaria izan dira sinaduran; Ipar eta Hego Euskal Herriko hainbat artzain eta Neiker erakundeko ordezkariak ere izan dira.
Latxa eta Manech ardien kontserbazioa eta garapena sustatzea da elkartearen helburua. “Ikerketaren bidez Pirinioetako esne-ardien arraza autoktonoen programa genetikoa hobetu nahi dugu, lehiakortasuna handitzeko”, azaldu du Eva Ugarte Neikerreko Ikerketa eta Teknologia alorreko arduradunak. Ez dute esne-ekoizpenera mugatu nahi. Ardi indartsuagoak ere lortu nahi dituzte, ingurura hobeto egokituko eta gutxiago gaixotuko direnak.
Onurak gizarte osoarentzat izango direla baieztatu du Ugartek. Artzainek artaldea zaintzeko eta ekoizpen-sistemarako baliabide gehiago izango dituztela aipatu du, eta kontsumitzaileek produktu hobeagoa eskuratuko dutela ondorioz. “Onura sozialak ere izango ditu: artzainek lan-baldintza hobeak izango dituzte eta sektoreari jarraipena emango dio. Abeltzaintza gure kultura da. Gainera, ekoizpen jasangarriagoa izango da, biodibertsitatea babestuko da, paisaia zaindu…”
Orozek “oso proiektu garrantzitsua” dela nabarmendu du. Euskal Herriko hiru administrazioak batera aritzea ere aberasgarritzat jo du. “Elkarrekin urrutiago iritsiko gara”, esan du. Sainte Mariek eta Gomezek ere elkarte bakarra izatea positibotzat jo dute.
Beasain, erdigunea
Beasain hautatu dute elkartea sortzeko “lurrarekin lotutako” gune batean egin nahi zutelako. Gainera, Ugartek nabarmendu du Goierrik “lotura handia” duela artzaintzarekin: “Legazpin Artzain Eguna izaten da, Idiazabal bertan dago…”, azaldu du. Igartzako Jauregia jende asko elkarteko toki aproposa denez, bertan egin dute. 75 lagun elkartu dira gaur, eta jendea kanpoan gelditu da.