Harria eta oroimena Urtsuaran auzoan
'Amatxo' erakusketa ireki du Jose Luis Arzuaga legazpiarrak Urtsuaranen. Harrizko bi pieza jarri ditu ikusgai: bere amarena eta gerrako emakume batena, haurra besoetan duela.
Jose Luis Arzuaga legazpiarrak Amatxo aldi baterako erakusketa ireki du Idiazabalgo Urtsuaran auzoan. Harriz egindako bi eskultura jarri ditu ikusgai: bata, bere amarena, eta gerrako emakume batena eta haren haurrarena, bestea. Arzuaga «oso gustora» agertu da herritarren eta udalaren harrerarekin. «Jendeak egundoko erantzuna eman du». Larunbatean izan zen aurkezpena.
Herri bazkaria izaten da San Migel egunaren bueltan Urtsuaranen. Aurten ez dute halakorik egin, eta horren ordez, Arzuagaren erakusketa antolatu du udalak: «Egun hori kultur aldetik osatu nahi zuten eta proposamenari baiezkoa eman nion. Gurasoak Urtsuarangoak izanda bi aldiz pentsatu beharrik ez nuen izan». Amaren omenezko eskultura ez ezik, gerra garaia gogora ekartzen duen beste bat aurkeztu du, zehazki gerrako emakumeak oroituz: «Emakume haiek pasatako miseria… haietaz gogoratu nintzen. Haiei esker herria eta familia zutik gelditu zen. Omenaldi hori egitea izan da gairik inportanteena».
Gerra garaiko arropekin jantzia, haizeak jotzen diola eta besotan haurra duela, hala irudikatu du gerra garaiko emakumea Arzuagak. Argazkirik gabe, momentuan bururatutakotik irten zaizkio piezak azken urteotan. «Niri doblea kostatzen zait gauzak erabakitzea, ez baitut estudiatu. Denborak ez dit axolik eman, disfrutatzen eman dut denbora».
Harri mota desberdinak
Pieza bakoitzarentzako harri motarik egokiena aukeratzen du. Amaren eskultura Karraratik (Italia) ekarritako marmolez egina dago. Gerrako emakumearena, berriz, Lasturretik (Gipuzkoa) ekarritakoa da eta kareharria da. «Propio bertako kolore grisa eman nahi nion». Azken urteetan ere Legazpiko Mirandaolan ikusgai dagoen olagizona egin du. Kareharrizkoa hori ere, baina kolore horixkagoarekin eta Tarragonatik ekarria.
Amatxo erakusketa ikusi nahi duenak Urtsuaranen izango du aukera datozen asteetan.