Euskara eta euskal kultura oinarri dituen hezkuntza sistema eraikitzen jarraitzea aldarrikatu dute KMKen ekitaldi nagusian
Kilometroa 2021en leloa, 'Bat gara, batera, bagara' aldarrikatu dute ekitaldi nagusian parte hartu duten erakundeetako eta gizarte eragileetako ordezkariek. Ordiziako Jakintza ikastolaren San Inazio eraikinean sistema berriaren abiapuntua irudikatu dute.
Kilometroak festaren ekitaldi nagusian, Ordiziako Jakintza ikastolan elkartu dira goizean hiru ikastola antolatzaileak eta hezkuntza nahiz politika munduko ordezkariak. Elkarlana izan da hitzaldietan gehien jaulki duten hitza. Euskal hezkuntza sistemaren zutabe bat ikastolak direla, eta etorkizunerako aurkeztu duen Bihar endekalogoko printzipioen garrantzita aldarrikatu du Kilometroak kultur elkarteko Nekane Artolak.
Ekitaldi instituzionalean izan dira Eusko Jaurlaritzako Hezkuntz sailburu Jokin Bilarratz, Gipuzkoako Foru Aldundiko Gobernantza diputatu eta bozemaile Eider Mendoza, eta Beasain, Lazkao eta Ordiziako alkate Leire Artola, Kepa Zubiarrain eta Adur Ezenarro. Andramendi, Jakintza eta San Benito ikastolen lehendakariek egin diete harrera, Ainhoa Garinek, Leire Luengok eta Iker Estensorok. Alderdi politikoek eledunak eta kargudunak ere bidali dituzte Ordiziara, EH Bilduko Maddalen Iriarte edo aldundiko Hizkuntza zuzendari Garbiñe Mendizabal, esate baterako.
Hitzartzeen tarteetan, San Benitoko eta Andramendiko ikasleek dantza koreografiak egin dituzte, lehenbizikoan Goierri’s in the house abestia ere aurkeztuz. Jakintzako lau ikaslek bertsotan aurkeztu dute KMK 21 festa. Bukaeran, Goierri beheko hiru ikastolek Ibarrako (Gipuzkoa) Uzturpe ikastolakoei eman diete Kilometroak jaiaren zurezko lekukoa. 2022an han antolatuko dute. Jon Mendizabal ikastolako ikasle izanak, irakasleak eta gurasoak, alaba txikia eskutik zuela, eraman du oholtzaraino lekukoa. Aurrez, Lazkao, Beasain eta Ordizia zeharkatu ditu, giza-kate eta kalejira jendetsuan.
Adostasunerako deia
Ordezkarien hitzaldietan, ia denek aipatu dituzte lehen Kilometroak jaialdiekin izan dituzten harremanak. Eguraldia ere etengabe atera dute hizpidera, euri zaparrada ez baitu geratu Jakintzako San Inazioko kirolgune estaliaren kanpoan. Bildarratzek “erreflexio garaia” dela ohartarazi du, “indarguneak eta ahuleziak non dauden” atzematekoa. “Pandemiak eakutsi digun bezala, erronkak elkarrekin ateratzea errazagoa da”. Elkarlanerako deia egin die hezkuntza eragileei eta komunitateei, “alferrikako eztabaidetan” sartu gabe, “lan egiteko garaia” dela ohartaraziz. Ikastolak euskal hezkuntzaren “ardatz bat” direla esan du, eta “talde potoloa” osatzen dutela. Sailburuorde batek idatzi diola aitortu duen bertso bat kantatuz amaitu du hitzaldia Hezkuntza sailburuak, “ta eraiki dezagun, hezkuntz futurista” bukatuta.
Nekane Artolak, Kilometroen izenean, euskarak eta euskal kulturak pandemia garaian ere “aatzerapausoak” eman dituztela eta, “kezka” agertu du. Hezkuntzaren etorkizunerako proposamen batzuk egin ditu: “Murgiltze ereduaan jarri behar da fokua, hizkuntza ereduarenak egin baitu”. Euskara integraziorako tresna bihurtu behar dela erantsi du, eta ikasleek euskara “ezagutu, barneratu eta maitatzea” lortu behar da. “Murgiltzearekin bakarrik ezingo dugu, baiana berori gabe, ezinezkoa izango da”. Bihar endekalogoari aipamena eginda, eta Eusko Ikaskuntzak zuzenduta hasi den hezkuntza sistemaren gogoetari dagokionez, “adostasun handi bat lortzeko aspaldiko aukerarik haandiena” dagoela begien aurrean erantsi du.