Goierri Gorri garaipenarekin estreinatu da etxean
4-0 irabazi dio Goierri Gorrik Lakua taldeari etxean jokatutako lehenengo partidan
Loinazen jokatu duen denboraldiko lehen partida izan da gaurkoa Goierri Gorrirentzat, eta badirudi etxekoen babesa nabaritu dutela jokalariek. Gasteizko Lakua taldearen aurka garaipena lortu dute Eneko Jauregiren jokalariek, 4-0 emaitzarekin. Entrenatzailearen hitzetan, «funtsezkoa» zen gaurko partida aurrera ateratzea, eta halaxe egin dute, aurretik zituzten 0 puntuak ezabatuz.
«Lakuakoek baja asko zeuzkaten. Jendea falta zitzaien eta asko nabaritu da hori, ez baitzeuden izatez diren bezain indartsu. Hori horrela, guk gure lana eginda aukera aprobetxatu dugu», azaldu du Jauregik. Goierri Gorrik ere baja asko izan ditu denboraldi berri honetan, baina hutsune horiek betetzea lortu dute harrobiko jokalariekin, fitxaketa berririk gabe momentuz.