Elektriken aurka protesta egiteko deia egin dute
Ostiral gaueko 22:00etatik 22:30era, "itzalaldi masiboa" eta kazerola-jotzea deitu ditu EH Bilduk, beste hainbat alderdirekin batera.
Argindarraren prezioa marka guztiak puskatzen ari da azken egunetan. Hori dela eta, Deskonektatu elektriketatik lemapean, argindar konpainia handien aurkako protesta egitera deitu dute EH Bildu, ERC, Junts, CUP, BNG eta MÉS alderdiek. “Itzalaldi eletriko masiboa” egin nahi dute, eta horrekin batera, kazola-jotzea ere deitu dute. Protesta horrekin batera, udaletxeetan mozioak ere aurkeztuko dituzte, datozen egunetan.
Argindarra maximo historikoetan dagoen bitartean, “enpresa elektrikoak aberasten” eta “herritarrak pobretzen” ari direla gogorarazi dute deitzaileek, eta “Espainiako Gobernua hori baimentzen” ari dela. “Argindarrarekin espekulatu eta manipulatzen dute merkatua, ura edo haizea bezalako ondasun publikoen bitartez. Oligopolioko enpresa handiek, Endesa, Iberdrola edota Naturgyk, milioi askoko irabaziak metatzen dituzte urtero, kontsumitzaileei dirua lapurtzen eta ekoizleei lurraldeak ebazten dizkieten bitartean, ondorio sozial eta klimatiko oso larriak eraginez”.
Egoera horren aurrean, “ katalanek, euskal herritarrek eta galiziarrek, fronte komun bat osatu dugu gaur oligopolio energetikoaren mehatxuen aurka, Espainiako Gobernuak iruzur elektrikoari egiturazko neurriekin aurre egiteko erakutsi duen borondate eta ekintza falta salatzeaz gain”. Herri horiek “subiranotasun energetikoa ez izatea oso garesti” ateratzen dela salatu dute, eta “gure nazioen eraikuntzan ere burujabetza energetikorantz aurrera” egitearen beharra aldarrikatu dute, “sistema bidezkoak publikotik eraikitzeko eta argindarra errespetatzeko, oinarrizko ondasun eta eskubide gisa”.
Kanpainaren bideoa: