Izaro Rubiok irabazi du Donostiako Maratoi Erdiko 10 kilometroko proba
Atleta ordiziarrak 38:57ko denboran osatu du ibilbidea, Izaskun Olletari eta Egipto Flamariqueri aurrea hartuta.
Goierrin bezala, kostaldean ere egun euritsua izan zen atzokoa. Eta hala atera ziren, euripean, Donostiako Maratoi Erdiko partehartzaileak ere. Bi proba egin zituzten, 21 eta 10 kilometrokoak, eta azken horretan, etorri zen goierritarrentzako albiste ona. Izan ere, Izaro Rubio Lasa ordiziarrak irabazi du proba laburra, 0:38:57ko denbora eginda. 28 segundoko aldea atera zion Izaskun Olleta bigarren sailkatuari, eta ia bi minutukoa hirugarren egin zuen Egipto Flamariqueri.
Gizonezkoetan, Kamel Ziani (0:31:46) izan zen azkarrena 10 kilometrokoan. Proba luzean (21 km) berriz, Hicham Amghar maratoi erdiko marka ontzetik gertu izan zen (1:02:16); emakumezkoetan ere, Addisalem Belay etiopiarrak sekulako denbora (1:12:07) egin zuen.