Dolarea itxuraldatuta eta zabalik dago, zortzi hilabeteren ondoren
Parkea irisgarriagoa da orain: Igartza Oleta kaleko sarrerako eskailerak kendu dituzte. Egokitutako jolas-gune bat ere jarriko dute. Ur-txorrotak jarrita daude, busti nahi duenarentzat
Dolarea parkea zabalik dago ostiralaz geroztik. Zortzi hilabeteren ondoren lanik potoloenak amaituta daude: irisgarriagoa da orain eta zorua ere aldatu dute.
Igartza Oleta kaleko sarrerako eskailera aldapa leun bategatik ordezkatu dute. Zabalagoa ere bada. Adur Ugartemendia Lurraldea saileko batzordeburuak azaldu zuen sarrera erraztu nahi dutela. Gainera, Igartzako Monumentu Multzoarekin bateratu nahi izan dute.
Dolarean barrena sartzen denak ez du agertokiarekin topo egingo. Kendu egin dute. Berdegune eta eserleku gehiago jarri dituzte sortu den espazioan. Kendu eta jarri egiten diren ur-txorrototak ere ipini dituzte: txorroten eta zoruaren artean ez dago koskarik eta jolasteko aproposak dira. Kontsumoa neurrigabea izan ez dadin, zirkuitu itxi bat da, eta beti ur bera dabil joan-etorrian. Txorrotak martxan hasteko botoi bati eman behar zaio. Udalak zehaztutako ordutegi baten barruan funtzionatuko dute. Neguan kendu egingo dute eta erabilera anitzeko espazio bat sortuko da.
Egunak moztu eta hotza hasi arte jarrita egongo dira, baina. Haurren batek edo bestek hartu du lehen bustialdia asteburuan. «Sekulakoa» dela diote, eta hasiak dira udarako planak egiten: uretan jolastu eta belardietan lehortu. Izan ere, belardiak zapalgarriak izango dira. Halere, berdegune batzuetan oraindik belardi batzuk oraindik lurgorri daude. Eremuetako batean jarriko dute jolas-parkea ere ez dago prest.
Jolas-parkea ere irisgarria izango da, psikomotrizitate arazoak dituztenek ere erabili ahal izan dezaten. Alboan dagoen Aspaceko lokalaren «luzapena» izatea nahi du udalak. Baina Leire Artola alkateak zehaztu zuen ez dela beraientzako bakarrik, haur guztientzako eremua izango da. «Hori da integraziorako bidea».
Zorua ere berria da. Lehengoa apurtuta zegoen eta asfaltoagatik ordezkatu dute, iraunkorragoa delako. Apaingarri gisa, marra sigi-sagatsu zuriak jarri dizkiote. Ugartemendiak esan zuen, «anekdota» modura, «bareak uzten duen arrastoa» iradokitzen dutela. Marrak errepidearen bestalderaino iristen dira, Igartzako Monumentu Multzoarekin lotura egiteko eta zebra-bidea markatzeko. Batzordeburuak aitortu du datozen egunetan behatu egingo dutela ea autoek pasabidea errespetatzen duten, eta behar izanez gero aldaketak egingo dituztela. Katu-begiak ere jarriko dituzte, oinezkoentzako pasabidea gehiago nabarmentzeko.
Iritzietatik gorpuztu da
Parkearen irekiera-ekitaldian Artolak egin beharreko lana zela azpimarratu zuen. Udalarentzat proiektu «estrategikoa» zela esan zuen. Gainera, gogoratu zuen herritarren parte-hartze prozesu batetik eratorri zirela egin beharreko aldaketak. Halere, bateren bati ez zaio gustatu. Atzo goizean zentzu gabeko obrarik ez eta lapurrak pintadak agertu ziren harmailetako biltegietan.