Osasun Larrialdia indargabetu du Labi batzordeak
Neurri murriztaile gehienak bertan behera geratuko dira ostegunetik aurrera. Euskal gizarteari eskerrak eman dizkio, eta desegin egin du pandemiarako sortutako aholku batzordea.
Eusko Jaurlaritzak koronabirusari aurre egiteko ezarritako Osasun Larrialdi egoera bertan behera gelditu da. Hala erabaki dute gaur arratsaldean, Labi batzordeak egindako bileraren ondotik. Ondorioz, salbuespen neurri gehienak ere bertan behera geldituko dira Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, joan den astean Nafarroako Gobernuak erabakitakoaren bide beretik.
Iñigo Urkullu lehendakariaren arabera, ostegunetik aurrera «osasun zaintza fase berria» hasiko da. Hala, «indarrean zeuden neurri mugatzaileak, indarrik gabe» utziko dituztela iragarri du. Dena den, hainbat neurrik indarrean jarraituko dute: espazio itxietan eta 5.000 ikusle baino gehiagoko ahalmena dituzten lekuetan %80ko edukiera mantenduko da. Maskarak nahitaezkoa izaten jarraituko du barnealdeetan, eta baita kanpoan ere, gutxieneko tartea gorde ezin denetan.
Egoera aldatzea ekarri duen tresna nagusia txertoa izan dela nabarmendu du Urkulluk. Euskal gizarteari ere esker ona adierazi dio Lehendakariak, izandako jarrera eta portaeragatik. «Hau lorpen kolektiboa izan da».
Adituen txostenean oinarrituta
Adituek bezperan egindako txostenean oinarritu dira erabaki hori hartzeko. Bertan zehazten denez, noizbehinkako agerraldiak sortu arte, kutsadura prozesua egonkortu egin da. Egoerak “zalantzarik gabe onera” egin duela azaldu dute, baina ohartarazi dute horrek ez duela arazoa amaitu. Birusak mutatzen jarraituko duela eta munduko hainbat lekutan “oso jende gutxi txertatu” dela gogorarazi dute.
Larrialdi egoerarik gabe, desegingo da pandemiak eztanda egin zuenetik lanean izan den batzordea. Urkulluk ez du gehiago deituko, eta, beraz, gaur izan da azken aldia. «Orain Labi bere berezko gunera itzuliko da, Segurtasun Sailera». Labin parte hartu duten ordezkariak Urkulluren agerraldian egon dira, eta horiei ere eskerrak eman dizkie.