Sagardo Astea ospatuko dute Igartubeiti Baserri Museoan, bihartik 15era
Hamar eguneko egitaraua prestatu du museoak: tartean, kirikoketa erakustaldiak eta bisita antzeztuak izango dira. Baserriko prentsaketa zuzenean ikusteko aukera bakarra da
Igartubeiti Baserri Museoak Sagardo Astea ospatuko du bihar hasi eta urriaren 15era arte. XX. edizioa izango da eta 10 eguneko egitaraua prestatu du museoak. Baserriko prentsaketa zuzenean ikusi ahal izateko urteko une bakarra da Sagardo Astea. Prentsatutako sagar guztiak Igartubeitikoak eta Ezkio ingurukoak izango dira. Horrez gain, antzerkiak, kirikoketa erakustaldiak eta erakusketak ere antolatu dituzte.
Sagarra izango da protagonista. Urteko jarduera puntual bat izatetik harago, negutik udazkenera bitartean garatzen den proozesuaren emaitza da Sagardo Astea, sagarraren ziklo naturalaren emaitza baita. «Sagarra dolarean jo aurretik, lan ezberdinak burutu behar izan dira: sagarrondoak zaindu, izerdialdia, loraldia, sagar aleen hazkundea eta bilketa», azaldu du museoak ohar baten bidez. Prentsaketa eta zukuaren fermentazioaren ondoren, Barrikote Festa ospatu ohi dute martxoan.
Plazak mugatuak dira eta aldez aurretik izena eman behar da, 943 72 29 78 eta 943 72 51 07 zenbakietara deituta edo igartubeiti@gipuzkoa.eus helbide elektronikora idatzita.
Ekintzen egitaraua
DOLAREA MARTXAN
Urriaren 6tik 15era bitartean. Igartubeiti Baserri Museoko dolarea martxan jarriko dute. Hilaren 6an, 7an, 8an, 11n, 13an, 14an eta 15ean 11:30ean izango da, eta urriaren 9an, 10ean eta 12an, aldiz, 12:00etan.ANTZEZPENAK BASERRIAN
Urriaren 9an, 10ean eta 12an. Igartubeiti baserrian bizi izandako pertsonaien bidez baserria ezagutzeko aukera izango da. Urretxu-Zumarragako Karmakros antzerki taldeak eta Amaia Ruiz de Galarreta aktore tolosarrak XVII. mendean bizi izandako Kortaberria familiaren inguruko antzezlana egingo dute. 10:15ean, 10:45ean eta 11:15ean izango dira emankizunak.KIRIKOKETA
Urriaren 9an, 10ean eta 12an. Sagarrak jotzean sortzen den erritmoa da kirikoketa. 12:00etan eskainiko ditu emanaldiak ‘Sagar joaleak’ taldeak.