Urrup taldeak antzezlan bikoitza estreinatuko du ostiralean
'Larkspur lozioaren markesa' eta 'Zapaldutako petunien kasua' lanak antzeztuko ditu Goierriko taldeak, Usurbe Antzokian. Sarrerak salgai daude.
Goierriko Urrup Antzerki Taldeak obra berrria eskainiko du ostiralean. Eta baten faltan bi antzezlan izango dira. Izan ere, Tennesse Williamsen ‘Larkspur lozioaren markesa’ eta ‘Zapaldutako petunien kasua’ obrak egokitu dituzte, Rosa Rojo beasaindarraren gidaritzapean. Emanaldia 20:30ean izango da, Usurbe Antzokian. Sarrerak salgai daude dagoeneko, eta lehiatilan bertan edo kutxabank.es webgunean eros daitezke.
Pandemiak eta honek antzokietan eragindako murrizketak direla eta, bi urtez geldirik egon behar izan du Urrup taldeak. Eta gogotsu daude Beasaingo ikusleen aurrean obra berria aurkezteko. Marisol Cavero, Ana Martinez, Juan Manuel Pecharroman, Gorka Lariz, Jose Luis Argiñano eta Maribi Lopez ariko dira aktore lanetan. Dekoratuak Imanol Juanesek egin ditu, eta Goxarararen Loinatz eguneko zentroko erabiltzaileek egindako hainbat eskulan ere erabili dituzte. Euskarazko itzulpena Garazi Otegik eta Maitane Uriartek egin dute, eta antzezlanaren kartela Eukene Lekuona diseinatzaile grafikoak.
Ez da Williamsen lan bat taula gainerako egokitzen duten aurreneko aldia. Izan ere, duela bi urte Desio izeneko tranbia ere antzeztu zuten. Oraingoan, egile estatu batuarraren bi pieza labur aukeratu dituzte, eta bietan ere, egileak “muturreko egoeran dauden pertsonaiak” aurkezten ditu, tragikomedia tonuan.