Baso lurrak erosteko asmoaren berri emango dute Olaberrian Astekliman
Bertako baso motak berreskuratzeko egitasmoa abiaraziko du udalak, herri lurretan nahiz pribatuetan. Diru sail bat izendatu du erosketarako, batik bat Urbaraundi aldean
Olaberrian bertako baso mota autoktonoak berreskuratzeko egitasmoa jarri du udalak martxan, 2021-2023 urte arteetarako Ingurumen Agendaren barruan. Naturarekin eta ingurumen jasangarritasunarekin loturiko hainbat gai landuko dituzte hurrengo hilabeteetan. Horietan lehena, basoak berreskuratzeko plangintza da.
Xingola marroiaren gaitzak intsinis pinudietan sortu duen kaltea ikusita, eta Olaberrian ere hainbat tokitan basoak «zaindu gabe eta utzita» daudela jabetuta, arlo horri heldu dio udalak. Lur sailak erosteko eskaintza egingo die udalak jabeei. Denera, 20.000 euro bereizi ditu. Asmoaren berri, gutun bat bidalita eman diete lur jabeei.
Herri jabetzako lur «gutxi» dauka Olaberriko Udalak, Aitor Urkiola zinegotziaren esanetan, eta Urbaraundiko eremuan batez ere, Esparru aldera, sail gehiago eskuratu nahi ditu. Erosketarako prezioak eta irizpideak arautuko ditu udalak teknikariekin, lurraren kokagunea, daukan pendiza edo balio dezakeen prezioa aintzat hartuta.
Azken asmoa, bertako zuhaitz espezieen basoak sortzea da, «aldaketa klimatikoari aurre egiteko» ekintza modura.
Galdetegia herritarrei
Asteklima ekimenarekin bat eginez, bi hitzaldi eta eskola-umeentzat jolasak antolatu dituzte aste honetarako. Bi hitzaldietan xehetuko dute udal ordezkariek asmoa. Lehengo astean, berriz, olaberritarrei Klima aldaketari aurre egiteko erronkak galdetegia banatu zieten. 1etik 3ra puntuatuta, hainbat arlotako ekinbideen lehentasuna adieraz daiteke inkestan.
Urriaren 15erako entregatu behar da beteta, eta ahaleginaren ordainetan, ogitarteko bilgarri berrerabilgarri bat emango dute.
Lur erosketen eta bertako basoaren landaketa sustapenaren atzean, «basoen kudeaketa jasangarria» bultzatzea dagoela dio udalak gutunean. «Basoaren ikuspegi multifuntzionala sustatzea da helburua. Espezie autoktonoen basoak garatzeko eta abeltzaintza estentsiboan nahiz baso-ingurunean sar daitezkeen nekazaritza-proiektu berriei ateak irekitzeko helburuarekin».
Hurrena, beste arlo batzuk lantzeari ekingo diote.
ASTEKLIMA OLABERRIAN
· Gaur. Ane Zabaleta (EHU) hitzaldia: ‘Aldaketari egokitzen: uraren koloreak’. Udalaren 20222023 helburuen aurkezpena. Ihurreko ludotekan, 19:00etan.
· Bihar. Garazi Auzmendi (Naturzaindia) hitzaldia: ‘Basoen ekarpena klima aldaketaren aurrean. Olaberrian zer?’. Udalaren helburuen aurkezpena. Udaletxeko batzar aretoan, 19:00etan.
· Etzi. Jolas kooperatiboa: ‘Ipar poloa salbatzera goaz’. Herri eskolan, 09:30etik 10:30era.
· Urriaren 15era arte. Olaberriko galdetegia beteta uzteko epea, udaletxean eta ludotekan.