Beasaingo Udalak zergak bere horretan uztea onartu du, kontrako botorik gabe
2022ko udal tasetan ez da igoerarik aplikatuko. EAJk eta PSE-EEk alde bozkatu zuten; EH Bilduk, abstentzioa. Koalizioa kexu da, proposamena lantzeko denbora nahikorik izan ez zutelakoan
Beasaingo udalbatzak datorren urteko udal zergak eta tasak izoztea erabaki zuen iraileko osoko bilkuran. Berritasun batzuk badaude, halere. Leire Artola alkateak zehaztu zuen «legeak eskatutako egokitzapenak» direla. Esaterako, trakzio mekanikodun ibilgailuen gaineko zergaren barruan, autoen mailaketa berria ezarriko dute, gutxiago isurtzen dutenek hobari handiagoak izan ditzaten. Zero emisioa duten ibilgailuei %90eko hobaria egingo zaie, «jasangarritasun eta ingurumenaren aldeko keinua eginez». EAJk eta PSE-EEk alde bozkatu zuten. EH Bildu abstenitu egin zen.
Artolak nabarmendu zuen udalak egoera ekonomiko «sanatua eta ona» duela: «Iaz gure zorra amortizatu ahal izan genuen. Beraz, une honetan ez dago zorpetuta». Zergak helbideratuta eta eguneratuta dituzten herritarren kopurua «handia» dela gaineratu zuen.
Eva Alvarezek esan zuen sozialistek begi onez ikusten dutela zergak bere horretan uzteko proposamena: «Iazko egoeraren ondoren inolako igoerarik ez proposatzea positiboa da».
EH Bildurentzat, ordea, hobarietan eta errekarguetan «pauso bat gehiago» eman beharko litzateke. «Hor badago arakatu gabeko espazio bat. Eta udalaren egoera ekonomikoak horrenbeste ahalbideratzen du», arrazoitu zuen Hasier Agirre bozeramaileak. Hainbat adibide jarri zituen: zaborrak ongi bereizten dituzten herritarrei hobariak eskaini ahal zaizkiela aipatu zuen. Edo lanpostu berriak sortzen dituzten enpresentzat; etxebizitzaren bat hutsik duten herritarrei errekargu bat jartzea ere iradoki zuen. «Proposamen honek herritar guztiak zaku berean sartzen ditu».
Kexak, denbora faltagatik
Alkateak aitortu zuen «aztertuz gero», «pausoren bat» eman ahalko litzatekeela. Baina bere proposamena defendatu zuen esanez Gipuzkoako Foru Aldundiak mugatzen dituela hobariak eta errekarguak.
EH Bilduk salatu zuen proposamenak aztertzeko denbora nahikorik izan ez zutela. «Beste urte batez aurre-lanketarako aukerarik gabe gelditu gara» kexatu zen Agirre. «Aurrekontuen atarikoa izanik salagarria iruditzen zaigu», osatu zuen.
Artolak erantzun zion zergak eta tasak irailean eztabaidatuko zirela jakina zela, eta ez dutela beste proposamenik jaso, nahiz eta bere eta teknikarien atea «beti» irekita dagoen. Arlo ezberdinetako batzordeak ere proposamen zehatzak egiteko erabili daitezkeela gaineratu zuen.