Bizikleta eskolan izena emateko epea zabalik dago urriaren 8ra arte
Bizikleta eskola martxan jarriko du Legorretako Udalak. Urritik abendura iraungo du; hain justu, urriaren 13an egingo dute lehen saioa, eta abenduaren 15an azkena, hamar asteazkenetan egingo dira saioak.
Gaztetxoentzat zuzenduta dago, 6 urtetik 16 urtera bitartekoentzat baita, eta adinka sailkatuko dira taldeak. 14:30etik 17:30era banatuko dira taldeak, izena ematen duten pertsonen arabera, eta ordubetekoak izango dira saioak. Irakaslea, Hegoi Ado freerider-a izango da, mendi bizikletan ondo moldatzeko teknika guztiak erakutsiko dizkiena, eta gainera, Irene Caminosen bisita ere jasoko dute parte hartzaileek.
Maiatzean Legorretan inauguratu zuten bizikleta parkea, frontoia eta mendi ibilbideak erabiliko dira ikastaroa gauzatzeko, eta mendi bizikleta gidatzeko teknika landuko da: oreka, frenoen erabilera egokia, saltoak, inertziak eta abar.
Izen ematea
Ikastaro osoak 30 euroko kostua izango du, eta izena emandakoan emango dira ordainketa egiteko irizpideak.
Izena emateko, Kultur Etxean bertan, kultura@legorreta.eus epostara idatzita, edo deitu 943 08 50 50 telefono zenbakira. Izen-abizenak, jaiotza urtea, nortasun agiria, gurasoen izen-abizenak eta horien telefono zenbaki bat eta eposta zehaztu behar dira. Epea, urriaren 8an amaitzen da.