«Ez diot sekula denborari begiratzen, sentsazioen arabera»
Aurtengo Zegama-Aizkorri mendi lasterketa Zegaman bizi den Zorion Barandiaranek (Ataun, 1975) irabazi du, gizonezkoetan. Uztailaren 25ean egin zuen proba, 05:07:39 denboran.
Sona handiko lasterketa da Zegama-Aizkorri. Bertan bizita, zer sentitzen da horrelako garaipen batekin?
Izugarrizko poza. Jakinda zer karrera den… Badakigu ez dela ohiko formatua izan, baina etorri den jendea ere ahal zen ondoen egitera etorri dela pentsatzen dut. Haien artean niri tokatu zait denborarik onena egitea. Sorpresa izan da, egin nuenean ez nuelako espero, nahiz eta jakin denbora txukuna zela. Izugarrizko ilusioa.
Aurtengoa berezia izan da hiru hilabetez egiteko aukera izan delako, egunean 50 dortsalekin, baina jokatu da.
Bai, bi urte Zegama-Aizkorri egin gabe egon da, eta halere ekainaren 6an zen aurten karrera baina ez zen ospatu. Nik nire kabuz egin nuen, denbora hartuta. Hamar egunetara nolabait egingo zenaren hotsa hasi zen eta familikoek animatuta egin nuen azkenean. Bi aldiz egin dut aurten, bata ekainaren 6an nire kontu eta bestea uztailaren 25an aplikazioarekin.
2019an baino denbora hobea egin duzu. Denbora hobetzea izan al da erronka?
Ez. Zegamarrok ibiltzen garenon artean muga 5 ordukoa da. Ni ez naiz inoiz jaitsi hortik. Nahiko maniatikoa naiz eta karreran ez diot sekula denborari begiratzen, sentsazioen arabera joaten naiz.
Laguntza izan duzula diozu. Nola lagundu dizute?
Eskerrak koinatari eta andreari. Pisu gabe joan nintzen. Otzaurten lehen geldialdia, gero beraiek Atabarratera, han behar nituenak eman zizkidaten eta ondoren Sankti Spiritun neuzkan zain. Mugarria zen hurrengo tartean ez dagoela sarbiderik autoz, eta gero berriz ere Moanon neuzkan zain behar nituenak emateko. Karrera osoa pisurik gabe egin nuen. Hornidura puntuak izaten dira normalean, baina aurten ez eta jendea behar duzu mendian. Aparte, lagun batek Sankti Spirituraino lagundu zidan. Hori guztia laguntza da.
Ikusleen eta herritarren laguntza ere nabari da ohiko formatuan izaten denean.
Bai. Irteeran begiak bustita, eta Sankti Spirituko arrankadan ileak lazten zaizkizu. Helmugako momentua ere bai…Zegama-Aizkorri magikoa da.
Zenbatetan parte hartu duzu?
Aurtengoarekin 15. 2002an ez, 2003an egin nuen, 2004 eta 2005 ere bai, 2006koan ez belauneko arazo batengatik, 2007an bai, 2008an eta 2009an ez nuen egin eta besteak segidan. 19 probatatik 15 egin ditut.
Nolatan hasi zinen mendi lasterketak egiten?
Mendian beti ibili izan naiz. 2002an Zegama-Aizkorri montatu zuten. Goizean Aizkorri igo eta lasterketa ikusteko plana egin genuen. Horrelaxe, odola berotu eta 2003an hasi nintzen lasterketekin.