Jatorri desberdinetako emakumeen Topagunera batzeko deia egin dute
Jatorri desberdinetako emakumeen Topagunea 2012 urteaz geroztik martxan dago Ordizian. Gai desberdinak jorratzeko foroa da. Barrenan elkartzen dira ostiralero, 17:30etik aurrera
Jatorri desberdinetako emakumeen Topagunea, 2012tik martxan dago Ordizian. Ainhoa Jimenez Udaleko Ongizate zinegotziak, talde honen inguruko xehetasun gehiago eman ditu, emakume gehiagoren parte hartzea bultzatu nahian: «Helburu nagusia da, emakumeen ahalduntzerako gune bilakatzea, baina, kasu honetan jatorri ezberdinetako emakumeak elkartzen dira eta norbanakotasunetik, kolektibora igarotzea da helburua».
Jatorri desberdinetako emakumeen Topagunearen sorrera, Ordiziako Udaleko hiru sail desberdinen elkarlanari esker abiarazi zen: Berdintasun saila, ildo estrategiko bat delako emakumeen ahalduntzea; Aniztasun saila, jatorri desberdinetako emakumeen parte hartzea bilatzen zutelako; eta ongizate saila, gizarte zerbitzuek ematen duten arreta indibidualaz harago, beste zerbait ere eskaini nahi zitzaielako taldeko dinamika bat sortuz.
Topagunea martxan jarri zutenetik, talde oso dinamikoa izan da. Astero, parte hartzera animatu den orok, gai desberdinen inguruan solasaldia egin dute. Izan daiteke, eskubideen inguruan, lan mundura begira orientazioa, COVID-19 testuingurua,…Beti ere, feminismoaren irizpideak jarraikiz.
Topagune honen helburua da, partaideen ahalduntze indibiduala, baina gainera, beste emakume batzuekin harremanak sortzea, saretzea, herri mailako ekimenetan parte hartzea eta bultzatzea,…
Ostiralero, Barrenan elkartzen dira, 17:30etik 19.00etara eta Sorburu Kooperatibako Ana Murcia dinamizatzailearen laguntza izaten dute.
Zaintza zerbitzua
Ordiziako Topagunean parte hartu nahi duten emakumeentzat, zaintza zerbitzua ere eskaintzen da. Baten batek interesik balu ondorengo bideetatik eska daiteke: berdintasuna@ gmail.com, 679 987 779 eta 943 80 56 10.
Jabekuntza eskola sortzea da beste adibide bat
Ainhoa Jimenez zinegotziak adierazi duen moduan, Ordiziako Udalak urrats handiak eman ditu berdintasunaren inguruan azken urtean. Jabekuntza Eskolaren sorrera da horren adibidea, non herriko berdintasunaren sarea handitzen joan den; baina jatorri ezberdinetako emakumeen guneari bere identitatea kendu gabe dihardu aurrera Jabekuntza Eskolak, izan ere, talde hau ere baliatu da Jabekuntza eskolako dinamiketan bat egiteko, bizi esperientziak trukatzeko eta elkarrengandik ikasteko