Ballet eskola kalera irtengo da asteburuan, ikasturteari hasiera emateko
Kale-emanaldia eskainiko dute etzi, plazapean. Koreografia klasikoak eta garaikideak uztartuko dituzte. Iaz baino ikasle gehiago dabiltza eta emanaldi gehiago eskainiko dituzte
Beasaingo ballet eskolako ikasleek Urbietako entsegu-lokaletik Loinazko San Martin plaza azpira egingo dute jauzi. Emanaldia egingo dute etzi, 12:00etan. Plazapeko zutabeak dantzarako makuluak izango dira denbora batez.
Koreografia klasikoak eta neo-klasikoak uztartuko dituztela aurreratu du Irantzu Gonzalez eskolako irakasleak. «Hilabete da ikasturtea hasi dugula. Hortaz, ekaineko ikuskizuna hartu dugu oinarri eta aldaketa batzuk gehitu dizkiogu», zehaztu du. Ikasle helduenek koreografia berri bat estreinatuko dute.
Gonzalezek kalean dantza egitearen garrantzia nabarmendu du. Ikasleentzako «motibazio handia» dela aitortu du, helburu bat ezartzen dietelako. Eskoletan ahalik eta gehien ikasten saiatzen dira emanaldietan ikuskizun ona eskaintzeko.
Irakaslea aurtengo ikasturterako gogotsu dago. «Iazkoa kaos hutsa izan zen. Dantza eskolak azkenak ginela sentitzen genuen, eta ez genuen informaziorik jasotzen». Gonzalezek dio batek baino gehiagok utzi zutela, ondorioz. «Zorionez denak itzuli dira. Aurten jende gehiago dugu. Ea normaltasunez egin dezakegun ikasturtea», desiratu du.
Erronkak
Gonzalezek urte berriarekin batera lehiaketetan parte hartzeko eta kanpoan emanaldiak eskaintzeko aukera izango dutela espero du. «Ikasleek eskatzen dituzte», dio. Madrilera txango bat egitekoak ere badira, profesionalekin batera ikasteko.
Geroz eta mutilgehiago, dantzan
Irantzu Gonzalek balleta neskena denaren estereotipoa aldatzen ari dela sentitzen du. Geroz eta gizonezko gehiago hasten direla dio. «Talde guztietan dago mutilen bat. Bi edo hiru ere bai, batzuetan». Balleta ikasi nahi duten gizonezkoei «lotsarik gabe» hurbiltzeko deia egin die.