Gorka Izagirre ere, Movistarrera
Bi urteko kontratua sinatu du, 2022 eta 2023 denboraldietarako. 2014 eta 2017 urteen artean ere Movistarren ibili zen Izagirre. Alex Aranburu taldekide izango du, berriz ere.
Gorka Izagirre txirrindulari ormaiztegiarrak Astana taldea utzi eta Movistarrekin sinatu du. 2022 eta 2023 denboraldietarako sinatu du kontratua. Ezaguna du taldea Izagirrek, 2014 eta 2017 urteen artean ere Movistarren ibili baitzen. Taldeak txirrindulariaren “konstantzia, sakrifiziorako gaitasuna eta bide guztietara moldatzeko gaitasuna” azpimarratu ditu. Izagirre “etxera itzultzeaz” pozik agertu da, “bertan bizi izandako lau urteak “bere karrera profesional zein pertsonaleko onenak izan zirelako”. “Mundua ezagutu dut eta orain etxera itzuli naiz”.
Duela apenas bi aste jakin zen Alex Aranburu ere Movistar taldean ariko dela; bi goierritarrek taldekide izaten jarraituko dute, horrenbestez. Haiekin batera, Oscar Rodriguez, Max Kanter eta Oier Lazkano ere fitxatu ditu taldeak.