Idazki frankista bat kendu dute Lazkaoko mojen komentutik
Santa Ana komentuko horma batean zegoen 36ko altxamendu faxista goresten zuen inskripzioa. Memoria Historikoaren Legearen aurkakoa zelako kendu dute.
1936ko altxamendu faxista goresten zuen inskripzio bat kendu zuten, lehengo astean, Lazkaon. Zistertar mojen Santa Ana komentuko horma batean zegoen, kale aldera, Infantaduko dukearen jauregiaren parean. Duela 8-9 egun askatu eta kendu zuten plaka. Hutsunea dago orain armarriaren azpialdean.
Oroimen Historikoaren Legearen aurkakoa zen plaka. 1936ko gerra «gurutzada santua» izan zela zioen idatziak, eta frankisten aldean hildako militarren gorazarre zen. Plakan bertan zioenez, 1940an kokatu zuen Joaquin Arteaga Etxague dukeak, Antonio Okendo almirantearen heriotzaren 3. mendeurrenean. Maria Lazkaokoaren senarra zen Okendo, eta biak monasterioan daude hilobiratuta.
Bukaeran, ordea, 1936ko gerran hil ziren dukearen seme Jaime eta Francisco de Borja militar ofizialak «jainkoaren eta Espainiaren aldeko gurutzada santuan» hil zirela zioen.