Idiazabalen urriaren 18an egingo dute artile bilketa, aurrez izena emanda
Bilketa gunean sartzerakoan, dagokien zenbatekoa ordaindu izanaren egiaztagiria erakutsi behar dute artzainek. Abeltzain Etxeko pabilioian egingo dute bilketa. Nafarroara eramango dute
Urriaren 18an artile bilketa izango da Idiazabalen. Artzainek izena aurrez eman behar dute artilea entregatzeko, 627 452 397 zenbakira deituta. Diseminado Rural Barreiatua kaleko 93. zenbakian egingo da bilketa, Gorrotxategin granjan. Landaolak, Lurgintzak eta Abelurrek hartu dute parte zerbitzuaren antolaketan. Gipuzkoako Foru Aldundiak egingo du finantzaketaren zati bat, eta bestea artzainek.
Bilketa gunera sartzeko, dagokien zenbatekoa ordaindu izanaren egiaztagiria erakutsi beharko dute artzainek. Ordainketa egiteko kontu zenbakia ES98 2095 5029 1110 6295 0166 da, eta izen-abizenak eta baserriaren izena aipatu behar dira egiaztagirian. Izena ematerakoan, izen-abizenak, helbidea eta NAN-a eman beharko dituzte, eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren kanpainako datuetan erresgistratutakoarekin bat egin beharko dute emandako datuek. Erroldan zenbat ardi dituzten ere adieraziko dute.
Entrega egin ondoren, antolatzaileak faktura bat emango die, eta faktura hori izango da erakundeen aurrean aurkeztu beharrekoa, artilearekin zer egin den jakiteko. Landaolak, Lurgintzak eta Abelurrek ohar batean adierazi dute «proposamenak artzainen ahalegin handiagoa eskatzen» duela, baina «profesional kopuru handia kudeatzeak ere kostu handiak» dakartzala eta kontuan izan behar dela «kamioi berezi batean eraman behar dela Nafarroara, kargatzeko luma-kamioi bat behar dela eta produktua eramaten den enpresan tasa bat ordaindu behar dela». Artilerik ez dute bilduko ordainketa ziurtagiria ez bada aurkezten.