Ondareari buruzko erakusketa ireki dute Zumarragako kultur etxean
Ondareari buruzko lehiaketako argazkiak dira. Gorka Gomez eta Txakel Urarte legazpiarrek ateratako bi argazki daude. Batean errementari bat ageri da eta bestean San Adrian
Zumarragako kultur etxean Ondareari begirada argazki erakusketa ireki dute. Bertan,Euskal Herriko ondareari buruzko lehiaketara aurkeztutako 21 argazki ikus daitezke. Aukeratutako lanean artean, Gorka Gomez GOIERRIKO HITZAko lankideak ateratako bat dago. Erakusketa hilaren 30a arte egongo da zabalik: astelehenetik ostiralera, 09:30etik 13:30era eta 15:00etatik 21:00etara.
Ondare mota ezberdinak ikus daitezke: industria ondarea, inmateriala, berrerabilitakoa, naturala, kulturala, meatzaritza ondarea, itsas ondarea eta utzitakoa.
Argazkiak toki ezberdinetan aterata daude: Sevillan, Almerian, Huelvan, Senegalen, Alacanten, Berlinen, Asturiasen, Atxarten, Menorcan, Iruñean, Aian, Eibarren, Pasaian, Otzarretan, Bilbon, Iturenen, Sestaon…
Goierriko bi argazki
Goierrin ateratako bi argazki daude. Biak argazkilari legazpiarrek ateratakoak dira: bata Txakel Urartek atera zuen San Adrian igarobidean eta bestea Gorka Gomezek egin zion Ricardo Mediavilla errementari legazpiarrari.
Orain arte lehiaketaren zazpi edizio egin dira eta Gomezek bosgarrenean parte hartu zuen. «Ricardo Mediavilla laguna dut eta bere tailerrean argazki batzuk atera nizkion. Izan ere, bere jarduna ikusgarria da. Lehiaketaren berri izan nuenean, Mediavillari ateratako argazkia gaiarekin bat zetorrenez, lehiaketara aurkeztea erabaki nuen», azaldu du. Gomezek bigarren saria lortu zuen bere lagunari ateratako argazkiarekin.
Zumarragako Zelai Arizti kultur etxeko erakusketa Ondarebiziak muntatu du. Ondarebizia ondareari buruz sentsibilizatzeko proiektu bat da. Baita elkarlana bultzatu nahi duten ondare zentroek bultzatutako lan plataforma bat ere. Ondarebizia Museum Cemento Rezolak eta K6 Kultur Kudeaketa enpresak bultzatu dute, Eusko Jaurlaritzaren laguntzarekin.