Onddo ugarirekin hasi da urria
Mikologia atala nabarmentzekoa atzoko azokan, eta lehen arto opilak, garaiaren marka. Telebisten grabazioek ere markatu zuen goiza. Behi gazta ere berriz hasi da ekartzen Telleria.
Oraintxe da onddo garaia. Hitzak berak ere badu zer esanik, azaletik aipatuak Goierrin onddo, perretxiko eta ziza artean diferentzia egiten bada ere, beste eskualde batzuetan, Ipar Euskal Herrian esate baterako espezie mikologiko gehienei onddo esaten diote, perretxiko ez da erabiltzen. Bizkaieraz ari direnei zizari susa esan ohi diote. Ordizian entzundakoak oinarri eta azaletik aipatuak hauek, zer sakondua bada.
Ahoskeran ere bada aldea onddoa, ontoa, ondoa… denetik aditzen da. Latinezko izenera joaz Boletus dugu. Eta hauen artean ez dira denak jangarriak. Salgai onddo beltza aereus, onddozuria bulbosus eta kaskabeltza pinicola aurki ditzakegu, askotan nahasita. Boletusen artean satanas edota hankagorriarekin azti ibili behar da.
Kontua da, Ordizian udaberrian ziza zuria (Calocybe gambosa) eta udazkenean onddoa izaten direla estimatuenak. Atzoko kilo kopurua adierazgarri: 475 onddo kilo 12-35 €/k artean. Aukeran guzti hauek askoz kantitate txikiagoan: gorringoa (25k) 18-28 €/k; zizahoria (20k) 15-18 €/k; esnegorria (20k) 18-22 €/k; gibelurdina (1k) 20 €/k; mendiko angula (10k) 20 €/k; saltsa perretxiko beltza (12k) 12-18 €/k; gardu-ziza (10k) 20 €/k; eta marasmio jangarria (10k) 20 €/k.
Arto opila egin berria
Hasi da Maite Iturbe udazkeneroko legez arto opila egiten. Bero-beroa zen mahai gainera atera duenean. 6€/k iazko prezio berean salgai du. «Jendea eskatzen hasita nuen eta lan bat gehiago bada ere, gustura egiten dut bezeroak eskertzen dutela jakinda». Eguraldi beroa hasi arte, astero izango dugu aukeran.
Behi gazta ondua
Ekartzen hasi da berriz ere Beñat Telleria, Mutiloako Odiokoa. Martxoan bukatu zitzaion eta atzo berriz ere maiatzean egindakoa 15,5 euroan kiloa saltzen hasi zen. «Egiteko modua ezberdina da, freskoa mantekosoagoa da eta honen mamia lehorragoa». Hauen ondoan urdin handiak arrakasta ederra du astero.
Lore gehiago
Joan zen astean aipatutako loreen zerrendara hauek gehitu zitzaizkien atzo: Sta Teresa luma (5,5 €), Antirrhinum (1,5) eta Gentziana edo errosta. «Hau berezia da, oso gustuko dudalako ekarri dut», aipatu digu Iñaki Azanza. Landare gogorra da, lurralde menditsuetakoa berez, kanpaitxo formako lore urdin moreduna.