Ostiraleko itzalaldian eta lapiko jotzean parte hartzera animatu ditu herritarrak Legazpiko EH Bilduk
Bihar 20:00etan Gernika enparantzan elkartzeko gonbita egin die, Euskal Herri osora zabaldutako deialdiarekin bat eginez
Legazpiko EH Bilduk herritarrak ostiraleko itzalaldian eta lapiko jotzean parte hartzera animatu ditu. “Azken asteetan ikusten ari gara argindar enpresa handiak egunez egun igotzen ari zaizkigula argindarraren prezioak. Ez dago markak apurtzen ez dituzten egunik”. EH Bilduk dionez, “uste dugu nahikoa dela esateko unea iritsi dela, elektrikoen lapurretaren aurrean planto egiteko unea iritsi dela”.
Hori dela eta, bihar, urriak 8, 22:00etan, Euskal Herriko herri eta auzo guztietan itzalaldi bat eta lapiko jotze bat egiteko deialdiarekin bat eginda, Legazpin Gernika Enparantzan elkartzeko gonbita luzatu du, “enpresa elektriko handiak gure herriko herritarren eta enpresa txiki eta ertainen kontura egiten ari diren lapurretaren aurrean ez garela besoak gurutzatuta egongo salatzeko”. Argindarraren prezioa ezartzeko “behar besteko subiranotasun energetikorik” ez izatea salatuko dute, “Espainiako Estatuan alderdi handiek ez dituzte geldiarazten argindar elektrikoen botere eta diru nahiak, eta ez dugu ahaztu nahi alderdi horietako ordezkari esanguratsuak daudela enpresa elektrikoen administrazio- kontseiluetan”.
Salaketa honetan “bakarrik” ez daudela diote EH Bildukoek, “Kataluniako, Galiziako eta Euskal Herriko indar independentistok indarrak batu nahi izan ditugu” ostiraleko protesta ekitaldiari begira, eta aldi berean egingo dute hori hiru herrialdeetan. “Enpresa elektrikoei nahikoa dela esateko ordua da. Bada garaia erakusteko gure herrian ez dugula uzten gehiengoaren eskubideekin jolasten (energia arrazoizko prezioan eskuratzea oinarrizko eskubidea delako), gutxi batzuek poltsikoak betetzen dituzten bitartean”. Ostiraleko ekitaldiarekin, “herritarrek bizitza duinak izan ditzaten borrokatzen duen herri duina garela” erakusteko asmoa dute.