Urriaren 17an jokatuko da Ordiziako mendi maratoi erdia Larraiztik abiatuta
Goierri Kopa Trail ligako azkeneko lasterketa izango da Ordiziakoa; beraz, bertan erabakiko da ligako irabazlea ere. Izen ematea zabalik da eta aldez aurretik egitea derrigorrezkoa da
Goierri Kopa Trail ligako azkeneko lasterketa, urriaren 17an, igandea, jokatuko da; Ordiziako mendi maratoi erdia. Zaldibiakoa izan zen lehena, ekainean. Idiazabalgo Axari Trail, ondoren, irailean. Eta 10 egun barru, jokatuko da Ordiziakoa. Hasiera batean, probaren ohiko datari eutsiz, uda partean egitea zen asmoa, baina Odilo Rivela antolakuntzako kideak argitu duenez, «COVID-19 testuingurua egonkortzera itxaron nahi izan dugu». Beraz, aurtengo Goierri Kopa Trail, Ordiziako laugarren mendi lasterketan erabakiko da.
Probaren antolakuntza babestu du Ordiziako Udalak, eta Jon Ander Caballero kirol zinegotziak horrela hitz egin du: «Ordiziak erabateko konpromisoa du kirolarekin, eta bide horretan jarraituko dugu aurrerantzean ere». Halako lasterketak, «aukera ederra dira jendeak lehiatzeko, bere mugak ezagutzeko, eta baita ditugun ingurune paregabeak ezagutzeko ere», erantsi zuen Caballerok, partaideak eta ikusleak animatu nahian.
Izan ere, paraje zoragarrian jokatuko da. Ibilbidea, eta proba bera, duela 50 urte baino gehiago gertatu zen istorio batean du oinarria; 1968ko ekainean Juanito Rubioren eta Jose Inazio Eskisabelen arteko apustua, hain zuzen ere. Duela lau urte, Ordiziako mendi maratoia lehenengoz antolatzeko arrazoia, desafio horren 50. urtemuga izan zen.
Rubiok eta Eskisabelek, San Migelera joan-etorria egin zuten, Larraiztik abiatuta. Haiek egin zuten moduan, Larraitz izango da abiapuntua, baina San Migelera beharrean, Igaratzara joan-etorria egingo dute, Alotzatik pasata, beraz, 20 kilometro egin beharko dituzte partaideek.
Azken jaitsiera erabakiorra
Ibilbidearen ezaugarriei dagokienez, 1.250 metroko gorabehera prositiboa du. Rivelak erantsi du, «zailtasuna hasieran, eta bukaeran joan etorria delako dago, bertan dagoelako desnibela eta teknikoki zati exijenteena da hori». Gainontzean, «belardia da, badauzka zati batzuk zailtasun handiagokoak, baina gorabehera handirik gabe».
Ibilbidearen ezaugarriek, podiumean eragin dezakete; iaz bezala, Alotzatik beherakoan erabaki daiteke proba, korrikalari teknikoagoen alde. Mutilen artean, lehenengo postuen borrokan izango da iazko irabazle Martin Diaz segurarra. Nesken artean, Onditz Iturbe barakaldoarra izan zen irabazlea. Iturbe, maila oso ona erakusten ari da orain arteko beste lasterketa batzuetan, eta Ordizian ere irabaz lezake, nahiz eta oraindik ez den jakin, Larraizko irteeran egongo ote den.
Irteera bateratua izango da. Lasterketa baino bi minutu lehenago irekiko da irteera gunea. Musukoarekin egon beharko dira lasterkariak eta langara iritsi ondoren musukoa kendu ahalko da eta bakoitzak gorde. Helmugara iritsi bezain laister berriz ere derrigorrezkoa izango da musukoa jartzea.
Kontuan hartzekoa, ez dela ez kontsigna ez dutxarik egongo, derrigorrezkoa izango dela korrikalari bakoitzak mauka luzeko xira eramatea, eta korrikalari bakoitzak bere edalontzia eraman beharko du anoa puntuetan ura hartzeko. Jakiak eta gelak banatuko dituzte anoa puntuetan.
Izen ematea
Izen ematea www.kronoak.com webgunean egin beharko da. Azalpen guztiak bertan egongo dira. Egun berean ezin izango da proban parte hartzeko izenik eman. Maratoi erdian parte hartzeko 25 euro ordaindu beharko dira.