Zaldibiar berriei harrera eginda
Iazko irailetik aurtengora bitartean erroldatu diren herritarrei Zaldibia eta zerbitzuak erakutsi dizkiete Harrera Egunean. Gida bat argitaratu du udalak, zazpi hizkuntzatan
Iaz hasitako ekimena ohitura bihurtzeko bidean, Zaldibian Harrera Eguna ospatu zuten lehengo ostegun arratsean. Azkeneko urtebetean, 2020ko irailetik 2021ko irailera, herrian erroldatu diren herritar berri guztiak zeuden ekitaldira gonbidatuta, guztira 55 lagun. Horietatik 15ek eman zuten baiezkoa, eta azkenean zazpi izan ziren harreran.
Jatorria dutena dutela ere, Zaldibiara iritsi diren guztientzat egiten dute urtero Harrera Eguna, nahiz Goierriko beste herri batetik, nahiz munduaren beste puntatik etorri. Mikel Luloaga jarduneko alkateak, Berdintasuna, Hezkuntza, Gazteria eta Aniztasun arloko zinegotzi Maialen Mendizabalek eta Jone Garmendiak, eta batzordeko partaide Laida Elizegik egin zieten harrera, baita arloan diharduten elkarteetako kideek ere.
Ekitaldiaren egiteko nagusia, herrira harrera ofiziala egin eta herriaren berri ematea da, bertako zerbitzuen, azpiegituren eta ezaugarri batzuen berri emanda.
Harrera gida atera dute
Aurrez aurreko ezagutza bideratu, eta herriko hainbat txoko ikusi zituzten ostegun iluntzean, udaleko ordezkariek, herritar laguntzaileek eta harrera jaso zuten zazpi zaldibiar berriek. Lekuak eta zerbitzuak ikusteaz gain plazatik abiatu eta parke botanikoan amaitu zuten bisita, tartean Bilore zeneko eremura ere joanda, Zaldibian erreferente suerta dakizkiekeen pertsonak ere aurkeztu zizkieten.
Horrez gain, eta ongietorria egin aurretik, Harrera gida berria aurkeztu zuten udal ordezkariek. Euskarazko gidaz gain, iritsi berriaren jatorrizko hizkuntzan ere badago informazioa: gaztelaniaz, frantsesez, arabieraz, errumanieraz, ingelesez eta India-Pakistango urduz.
«Harrera gidaren funtzio nagusia herriaren berri ematea da, bai zerbitzuak eta bai berezitasunak. Eta zeharkako funtzioa ongi etorria egitea litzateke», azaldu du udaleko Berdintasun teknikariak.
Urtean zehar, erroldatzera udaletxera joaten diren herritar guztiei banatuko diete Harrera gidaren ale bat. Irailean harrera egiteko ekitaldia izango dela ere jakinaraziko diete.
Ongi etorri Zaldibiara. Etorri berrientzako gida liburuxkak 36 orrialde dauzka. Zaldibiako zerbitzuen gidaren atalean, zerbitzu publikoak eta gainerakoak merkataritza, ostalaritza… azaltzen dira. Informazio orokorraren atalean, herriko datuak, ohiturak, jaiak eta ospakizunak, nahiz herriaren balioak laburtu dituzte. Etxe guztietara banatuko dute ale bana.