38. Euskal Herriko Artzai Gazta txapelketa jokatuko da igandean Idiazabalen
Igarondo pilotalekuan izango da. Hego Euskal Herriko 40 gaztandegi daude deituta parte hartzera; tartean 8 goierritar. Herri kirolak ere izango dira
Igande honetan, urriak 10, Euskal Herriko Artzai Gazta txapelketa ospatuko da Idiazabalen. 38. edizioa izango da aurtengoa, eta ohi bezala, Euskal Herriko 40 gaztandegi daude deituta parte hartzera. Igarondo pilotalekuan izango da txapelketa eta kanpoaldean, berriz, artisautza eta gazta salmenta postuak jarriko dituzte. Sailkatuak izan diren eta parte hartuko duten gaztagileek goizean goiz entregatuko dituzte gaztak frontoian.
10:30ean hasiko da txapelketa, 12:00etan herri kirolak izango dira plaza nagusian, eta 14:00ak aldera izango da sari banaketa. Lurralde bakoitzeko txapelketetan sailkatutako lehen 10 gaztandegiek aurkez ditzakete gaztak.
Goierritik, zortzi gaztagile
Gipuzkoako txapelketako lehen hamar sailkatuen artean, Goierriko zortzi gaztandegi daude: Francisco Javier Muñoa (Zerain), Eneko Goiburu (Segura), Olalde (Legorreta), Joseba Insausti (Ordizia), Ander Barandiaran (Idiazabal), Troskaeta (Ataun), Aitor Iztueta (Lazkaomendi) eta Baztarrika (Gabiria). Haiez gain, Gipuzkoatik, Mutrikuko Beñat Egañak eta Beizamako Patxi Otaegik ere izango dute aukera igandean haien gazta txapelketara aurkezteko.
La Leze Arabako txapelketakoa bada ere, Ilarduian baitute gaztandegia, Jose Mari Jauregi eta Elisabeth Gorrotxategi gaztagileak goierritarrak dira. Iazko Euskal Herriko Artzai Gazta txapelketan, haiek eskuratu zuten lehenengo postua. Bigarren, Azkarra izan zen, eta hirugarren, aldiz, Patxi Lopez de Uralde.
Nafarroako txapelketatik, Bengoetxea Lastiri, Marta Perez Loperena, Mari Mar Castro, Kortaria, Ainhoa Goñi, Albis SC, SAT Antsonea, Lopez Azpilikueta, Angel Linzoain eta Balda Artola daude deituta; Arabatik, Larrabe SC, Patxi Lopez de Uralde, Unai Lekuona, Zabaleta, Azkarra, Kerixara, La Leze, Josu San Vicente, Olano SAT eta Bostibaieta; Bizkaitik, gaztandegi gutxi izanik, denek izango dute aukera parte hartzeko. Hil hasieran jokatutako Bizkaiko Kata Lehiaketan Baskaran, Garate eta Antxon Iturriaga izan ziren lehen sailkatuak, eta Ipiñaburu izan zen dastaketan garaile.