Adin txikiko arau hausleak
Zumarragako Ibaiondo heziketa zentroan 30 gazte inguru daude. Araba, Bizkai eta Gipuzkoan dagoen mota horretako zentro bakarra da. Heziketa da lan lerro nagusia.
Zumarragako Ibaiondo heziketa zentroak 2003an ireki zituen ateak. Delituren bat egin duten adin txikikoei arta emateko zentroa da, Araba, Bizkai eta Gipuzkoan dagoen mota horretako bakarra. Gazte horiekin egiten den heziketa lana jarri du erdigunean Arantxa Orbegozo zentroko arduradunak. Hori da jarraitzen duten lan lerro nagusia, eta baita kartzela arrunt batetik ezberdintzen dituen zereginetako bat ere. Elkarrizketa egiteko unean, 30 gazte daude Ibaiondon. “Baina zenbakiak aldakorrak dira oso, egun batetik bestera egoera asko alda baitaiteke”.
Guztiz programatuta izaten dituzte egun arruntak, eta mutilak —mutilentzat bakarrik da zentroa— behartuta daude aurrez ezarritako ekintza guztietan parte hartzera. Mutil bakoitzari heziketa proiektu pertsonal bat egiten zaio sartzen denean. “Eusko Jaurlaritzako Gazteen Justizia Zerbitzuak eta epaileak berak oniritzia eman behar diote proiektu bakoitzari. Proiektu horiek garatzea izaten da gure lana. Tarteka, txostenak egin behar izaten ditugu, epaileek eta gizarte zerbitzuek bakoitzaren bilakaera nolakoa den ikus dezaten”, argitu du arduradunak.
Orbegozok azaldu duenez, bi gauza batera egin behar dituzte ezarrita dagoen legearen arabera. Batetik, epaileak ezarritako neurriak betearazi; eta, bestetik, arreta osoa eman mutilei; beraien bizimodu autonomoa sustatzeko normalizazioa, garapen pertsonala eta helduen bizitzarako bidea helburu duen hezkuntzako esku hartzea eskainiz. Gizarte zerbitzu guztiak bermatuta eduki behar dituzte mutilek zentroan, hasi eskoletatik, eta osasun eta gizarte arloko edozein esparrurekin zerikusia duten zerbitzuetaraino.
Erregimen itxian egotera behartuta dauden adin txikiko gehienak “lapurreta delituengatik” zigortutakoak dira. Ez lapurreta soilak, “gehienetan indarkeriaz egindakoak” izaten baitira. Baina Ibaiondo zentroan badira hilketaren bat egin duten adin txikikoak ere; “gutxiengoak dira, baina egon, badaude”. Epaileak, neurriak hartzeko orduan, zigor kodea hartzen du oinarritzat. Erregimen itxia ezartzeko, hiru baldintzari erreparatzen zaie: “Egindako delituaren larritasuna, delitua egiteko erabilitako modua, eta taldean egindakoa ote den”.
Bigarren aukeraren bila
Delituak delitu, gertakari guztien atzean pertsonak daude, eta, kasu honetan, adin txikikoak izatearen berezitasuna dute. Orbegozo kexu da: “Sarri adin txikiko horrek egin duen delitua baino ez da ikusten”. Baina azpimarratu du normalean gehienek daukatela “istorio larriren bat atzean”. Kasurik arruntenak aipatu ditu: “Bazterkeria egoeran dauden familietatik datozen adin txikikoenak, kalean bakarrik daudenenak… Etorkinen kasuan, auskalo zer baldintzatan etorritakoak diren asko… Horregatik, guztiekin beharrezkoa da hezkuntza lana psikologoen lanarekin orekatzea”.
Adin txikikoek egindako delituak oso mediatikoak izaten dira beti, are gehiago delitua larria denean. Legeak ere zeresan handia ematen du halakoetan, eta eztabaida beti sortu izan du gizartean. Legea aldatzea “dirudien baino konplexuagoa” dela uste du Orbegozok. Hausnarketarako bidea ere ireki du zentroko arduradunak. Indarrean dagoen legeak dio pertsona horiek bigarren aukera bat merezi dutela. “Nahiz eta egindakoa oso larria izan, epaileak ezarritako neurria betetzen dutenean, eskubidea izango dute berriz kalera ateratzeko. Ez badugu barneratzen adin txikiko hauek beste aukera bat merezi dutela, sistema mota honek ez du funtzionatuko”.
Pauso txikiak emanez
Adin txikikoekin lan egitea ez da beti erraza, eta, testuinguru horretan, tentsio uneak “saihetsezinak” direla esan du Orbegozok. Zentroko hezitzaileak dira mutilekin harreman estuena duten profesionalak, eta horiek jasaten dituzte unerik zailenak. Segurtasun neurri handiekin lan egitera ohituta daude: “Mutilak euren gelan giltzapetuta daude, eta, kanpoan daudenean, segurtasun zaindariak izaten dituzte beti inguruan. Kamerak ere badaude, eta kanpoaldea hesituta dago, ihesaldiak eragozteko. Horrez gain, langileek beti edukitzen dute gainean segurtasun zerbitzuari deitzeko gailu bat”.
Mutilen egonaldiak sei eta zortzi hilabete artekoak izaten dira, batez beste, Ibaiondon. Ez da denbora nahikoa heziketa prozesua guztiz gauzatzeko, baina gehienetan gizarteratze bidean jartzeko balio izaten duela uste du Orbegozok. Mutil bakoitzaren egoera zein den kontuan hartuta, batzuen kasuan oinarrizko ohiturak barneratzea, hortzak egunero garbitzea, esaterako, arrakasta itzela izan daitekeela azaldu du zentroko arduradunak, eta beste batzuentzat eskola gradua lortzea dela helburua.