Beasaingo Udalak Goxararekin duen hitzarmena urtebete luzatu du
Oposizioak aurka bozkatu du .Malu Valles zinegotziaren esanetan, «zerbitzu honek kostu handia du Beasaingo herriarentzat» .Kontratuaren azken luzapena izango da.
Beasaingo Udalak Goxararekin etxez etxeko laguntza zerbitzua emateko duen kontratua urtebete luzatu du, orain arteko baldintza berdinekin. EAJren botoekin egin zuen proposamenak aurrera; EH Bildu eta PSE-EE aurka agertu ziren.
Goxarako langileak udaletxe aurrean protestan ari ziren bozketa egiten ari ziren bitartean. Beraien oihuak nabariak ziren udaletxeko areto nagusitik. «Udaletxe aurrean protesta egiteagatik erabaki desberdinak hartu behar ditugu?», galdegin zuen Malu Valles ongizate saileko zinegotziak. «Langileen lan baldintzak ez dira onenak izango. Baina beste herrietako kontratuak aztertuta ez dut ikusi nola hobetu», esan zuen.
Langileak kexu dira ordu solteetan egiten dutela lan eta horrek soldatan eragiten diela. Vallesek erantzun zien lanaren ezaugarri-
etako bat dela, laguntza une jakin batzuetan behar izaten delako bereziki; halaber, beharginak kexu dira oinarrizko langileak izan arren babesgarririk ez dutela. Vallesen arabera afera hori gaindituta dago, babesgarrien falta eskasia orokorra zenean besterik ez zelako gertatu.
Vallesek gaineratu zuen ez dagoela arrazoi nahikorik kontratua eteteko. Baldintzak aldatzeko aukerarik ez dagoela esan zuen, legediak jarraikortasuna ematera behartzen baitu.
Beasaingo Udalarentzat kontratua berritzea erabaki garestia dela nabarmendu zuen. «Zerbitzu honek kostu handia du Beasaingo herriarentzat, bai pertsonala bai ekonomikoa. Beasaingo Udalak erabiltzaileei gehienez hamasei euro kobratzen dizkie orduko. Udalari 23 euro aste barruan eta 27 asteburuan kostatzen zaio, BEZa kontua hartu gabe. Aldea gure gain hartzen dugu. Beasaingo Udala zama ekonomiko handia hartzen ari da», bota zituen zenbakiak.
EH Bilduk zerbitzua publiko bihurtzeko aukera mahai gainean jarri zuen. Gutxienik, langileen lan-baldintzak kontrolatzea eskatu zuen Nerea Manzisidor bozeramaileak. «Ez dela aldaketarako momentua diozue. Zergatik ez da momentua badakigunean arazoak hor daudela? Atera ditzagun pleguak benetan langileen baldintza duinak bermatuko dituena».
Eva Alvarez sozialisten bozeramaileak ere gogor egin zuen akordioaren aurka. «Zerbitzua ez da zuzena eta luzatzearekin ez gaude ados». «Beraien eskariei erantzuna eman behar diegu. Ez dute asko eskatzen. Egia da enpresari dagokiola langileen lan-baldintzak ezartzea, baina udalak esku-hartzeko gaitasun nahikoa badu».
Kontratuaren azken luzapena izango da. 2016an ateratako pleguen arabera lau urteko kontratua eta urtebeteko bi luzapen eskaintzen ziren. Bigarren luzapena da oraingoa. Leire Artola alkateak hitza eman zuen, luze gabe. eragile ezberdinekin bilduko direla datorren urterako plegu berriak prest izateko.
Mobilizazioak utzi gabe
Goxarako langileek mobilizazioei eutsi diete. Atzo ere udaletxearen aurrean kontzentrazioa egin zuten.