Goi tentsioko linearen laugarren aldaera eraikitzea eskatu du REEk
Itsaso eta Castejon/Muru Artederreta lotzeko 400 kilovolteko aireko garraio linea trazatuz zerbait aldatu dute .Goierrin sei herriri eta Partzuergoari eragingo lieke
Aurreko hiru proiektua aldez edo moldez atzeratu ondoren, REE Red Electrica de España argindar banatzaile eta garraiatzaile enpresak irailaren 22an aurkeztu zuen Itsaso-Castejon goi tentsioko linea eraikitzeko azken proiektua. Espainiako Gobernuaren Gipuzkoako Ordezkariordetzaren bidez, 400.000 volteko argindar potentzia garraiatuko duen zirkuitu bikoitza eraikitzeko baimenak eskatu ditu. Zehazki, lanen aurretiko administrazio baimena, onura publikoko aitorpena, eraikitzeko administrazio baimena eta ingurumenaren gaineko eraginen aitorpenaren baimenak.
Dagoeneko dorreak eraikita dituen Itsaso-Gueñes linearekin lotuko da Gabiria-Itsaso arteko argindar zentralean. Nafarroarekiko loturak eragingo dien udalerrietako udaletan ere jaso dute asmoaren berri. Aurkako helegiteak aurkeztekotan dira asko.
Nafarroako eta Gipuzkoako argindar sareak 400 kilovolteko indarreko zirkuitu bikoitzarekin bat egin nahi ditu REEk. Itsasoko azpiestazioa Castejongo udalerrian (Nafarroako Foru Erkidegoa) kokatuta dagoen azpiestazioarekin eta Tebas-Muru Artederretako udalerrian dagoen Muruarteko azpiestazioarekin lotuko du (92,5 km). 48.185.630 euroko aurrekontua du.
Nafarroako kontzeju eta udalerri ugariz gain, Goierrin Gipuzkoako eta Arabako Partzuergo Orokorra, Idiazabal, Segura, Zerain, Mutiloa, Gabiria, Ezkio-Itsasori eragingo die lineak. Aurreko egitasmoetatik trazatua aldatu dute, batik bat Itsasoko azpiestaziorako sarrera mendebaldetik egin ahal izateko, hegoaldetik beharrean.
Lurjabeekin beharrezko desjabetzeak gauzatzeari ere ekin dio REEk. Ehunka lursaili eragingo die, bai lanak egiteko garaian, bai euskarriak kokatzeko; aireko hariteriari eusteko, altueran 80 eta 110 metro bitarte diren dorreak eraikiko dituzte.
220 kV-eko bi linea kendu
Iragarki berean, REEk Itsasoko eta Orkoiengo zentralak (Iruñerria, Nafarroa) lotzen dituzten lehengo bi linea ixteko eta desmuntatzeko asmoa ere plazaratu du. Aurreko energia planetan potentziaz igotzea aurreikusten bazituen, orain desmantelatzeko administrazio-baimen eskaria egin du. Zirkuitu bakarreko lineak dira, eta 220 kilovolteko potentzia garraiatzen dute.
Itsaso-Orkoien1 deituriko aireko lineak 57,6 kilometro ditu. Goierrin, honako herrietatik igarotzen da: Ataun (11,71 km), Lazkao (1,42), Olaberria (2,53), Beasain (0,86), Ormaiztegi (3,04) eta Ezkio-Itsaso (1). Linea osoko 58 euskarriak kenduko lituzkete.
Itsaso-Orkoien2 linea, berriz, 62,4 km-koa da eta 174 euskarri ditu. Ezkio-Itsaso (0,14 km), Gabiria (2,86), Idiazabal (3,20), Mutiloa (1,8), Partzuergoa (3,09), Segura (3,84) eta Zerain (1,38) zeharkatzen ditu.