Goxarako langileek "triste" hartu dute Udalaren eta enpresaren arteko hitzarmenaren luzapena
Aste bakarrean hirugarren elkarretaratzea egin zuten atzo. "Konponbideak" eskatu dituzte
Goxarako langileak Zubimusu plazan elkartu ziren atzo. Aste bakarrean egiten duten hirugarren mobilizazioa da. Eta gehiago izango direla ere iragarri zuten, arazoak bere horretan jarraitzen duelako. Langileak beldur dira lan-gatazkak luze joko ez ote duen, Beasaingo Udalaren eta Goxararen arteko hitzarmena urtebete luzatzea adostu baitute bi aldeek.
Langileek erabakia “triste” hartu dutela aitortu dute. Azaroan amaituko zatekeen egungo kontratua eta aukera baliatu nahi zuten euren lan baldintzak hobetzeko. Udalak eta enpresak aurrera jarraitzea erabaki zuten, eta behin luzapena adostuta aurreko baldintza berdinetan egin behar da. Kontratua 2016koa da. Langileek diote luzapena “erabaki politikoa” izan dela, eta borondaterik balego posible zela baldintza duinak bermatuko dituen plegu berriak ateratzea.
“Orain zer egin behar dugu, itxaron?”, galdegin dute. Geldi ez direla iragarri dute, mobilizazioei eutsiko baitiete.