Mendi Asterako "anbizio handiko" egitaraua antolatu dute
Hamalaugarren Mendi Astea urriaren 19an hasiko da. Lau ikus-entzunezko izango dira
Arrastaka Mendi Taldeak eta Aizkorri Mendizale Elkarteak hamalaugarren Beasaingo Mendi Astearen egitaraua aurkeztu dute. Lau ikus entzunezko eta eskalada ezagutarazteko saio praktiko bat izango dira. “Anbizio handiko egitarau betea eta erakargarria”, dela esan dute. “Ziur gaude bertaratutakoak gustura geldituko direla eta mendiko kirolen topagune, bultzada eta zabalkunderako aukera paregabea izango dela”. Kirol zaleei orokorrean eta mendizaleei propio parte hartzeko deia egin dute.
Urriaren 19an, asteartea, hasiko da zikloa. Sonia Casasen Alpinismoa, emakumeen erara dokumentala eskainiko dute. Casas bera da protagonista; bilbotarrak gainerako emakumeei bidea ireki die oso mundu maskulino batean; dokumentalaren bidez erakutsiko du berdintasunerako bidea igotako mendiak baino malkartsuagoa dela.
Biharamunean Iñaki Peñak Mendian hil, hirian hil dokumentala aurkeztuko du. Peña Debagoienako Ospitaleko Zainketa Aringarrietako medikua da eta bere hirugarren ikus-entzunezkoan heriotzari buruzko hausnarketa bat egin du.
Iñigo Iruretagoiena izango da sokan hirugarrena, Granito Buffeta. Pirinioetan alderrai dokumentalarekin. Iruk Pirinioetako 214 tontorretara igotzea zuen helburu, baina ahalik eta baliabide gutxienekin. Dokumentalak laburbiltzen ditu nolakoak izan ziren espedizioko 44 egunak.
Laugarren eta azken dokumentala Iñaki Alvarezen Manasluren negu bortitza izango da. Zumarragarra Manaslura igotzen saiatu zen pasa den neguan eta oroitzapenak berrituko ditu.
Iruretagoiena izan ezik, Casas, Peña eta Alvarez Usurbe antzokian bertan izango dira. Emanaldi guztiak bertan izango dira, 19:30ean.
Eskalda
Eskalada praktika egingo dute Antzizar kiroldegian, larunbatean, astea borobiltzeko. Goiz eta arratsalde ibiliko dira rokodromoan gora eta behera: 10:00etan hasiko dira 19:30ak arte, eguerdian geldialdia eginda.
Arrastaka eta Aizkorri taldeko kideek Beasaingo Udalaren laguntza eskertu dute.