Webgune bat sortu du Olargik oroimenaren gordailu eta plaza izateko
Memoria historikoa lantzeko Olaberriko taldeak webgune batean jaso ditu 36ko Gerraren eta herriko azterketaren inguruan bildutakoak.
Internet zerbitzua ematen jarri dute dagoeneko olaberrikoroimenhistorikoa.eus webgunea. Olaberriko Olargi memoria taldeak sortu du, 1936ko gerraren eta herriko oroimen historikoaren azterketaren harira. Jasotzen edo sortzen ari diren agiri eta argazki batzuk jarri dituzte, eta antolatzen ari diren ekimen, hitzaldi eta jardueren bilduma ere jarrai daiteke.
Bideoetan, adibidez, Marcelo Lasa eta Jesus Bujanda herritar fusilatu gazteei egin dizkieten omenaldien testigantza igo dute sarera. Hemeroteka gisa ere funtzionatuko du guneak, bertan bildu baitituzte Iñaki Egañaren nahiz Josu Chuecaren hitzaldien albisteen loturak, edota uztailaren 18an haur izandakoei egindako omenaldiarenak.
Aurrerantzean etorriko diren ekitaldiak ere bertan jakinaraziko ditu Olargik. Herritarrekin hartu-emanerako aukera ere ematen du, kontsultak eta iradokizunak egiteko bide ireki gisa.