A-636 errepidea urtarrilean hasiko dira kobratzen
Gidariek derrigor kobrantza-sistema bat ezarri beharko dute: autoa kontu korronte batekin esleitu beharko dute, teleordainketa sistema ezarri edo Gipuzkoako Foru Aldundiaren Abiatu sistema txertatu
Gipuzkoako Foru Aldundia Beasain eta Bergara arteko A-636 errepidea urte aldaketarekin batera hasiko da kobratzen. “Jakitun gara ez dela gustuko neurria, baina ordaindu egin beharra dago. Gauza asko daude ordaindu beharra, eta aurrekontua mugatua da”, esan du Aintzane Oiarbide Bide Azpiegituretako diputatuak. Gainera, goierritarrak gainerako gipuzkoarrekin berdindituko dituela esan du. “Gipuzkoan desoreka handia dugu. Zarauztar, eibartar, azpeitiar… batek Donostiara joateko ordaindu egin behar du. Hemendik aurrera denok ordainduko dugu, aitzakiarik gabe”.
Free flow edo etengabeko jarioaren sistemaren bidez kobratuko dute. Hau da, ibilgailuek ez dute ordaintzeko gelditu beharrik izango. Beasainen, Ezkion eta Bergaran prest daude hiru arku nagusiak. “Ez dagoenez gelditu beharrik gutxiago kutsatzen da eta erosoagoa da. Gainera, trafikoa monitorizatu ahalko dugu”. “Handicap” bat ere badu, ezin dela esku dirutan ordaindu. Horregatik, gidariak behartuta egongo dira teleordainketa sistema bat ezartzera edo autoa kontu korronte batera helbideratzera. “Gipuzkoako Foru Aldundiaren aholkua Abiatu sistema ezartzea da. Abantailak asko dira eta desabantailarik ez du”, gomendatu du Oiarbidek.
Abiatu sistemaren indargune nagusia da zenbat eta joan-etorri gehiago egin deskontua handiagoak egiten dituela. Esaterako, Abiaturik gabe, auto arin bati Beasaindik Bergarara joatea 2,53 euro kostatuko zaio; Abiatu sistemarekin, 1,89 euro, %25 gutxiago; bederatzigarren bidaiatik aurrera beherapena are handiagoa izango da, %55ekoa; eta 21 joan-etorritatik gora, beherapena %75ekoa izango da. Halere, 32,24 eurotan tope egingo du eta hortik gora ez da gehiago kobratuko.
Ibilgailu arinentzako kanona eurotan
Ibilbidea | Abiaturik gabe | Abiaturekin | ||
1-8 joan-etorri | 9-20 joan-etorri | 21 joan-etorritatik aurrera | ||
Beasain | 0,38 | 0,28 | 0,17 | 0,09 |
Ezkio | 0,74 | 0,55 | 0,33 | 0,18 |
Deskarga | 1,41 | 1,06 | 0,63 | 0,35 |
Dena | 2,53 | 1,89 | 1,13 | 0,62 |
Oiarbidek A-636 errpidean bildutako dirua bertan geldituko dela zin egin du. “Dirua errepidea mantentzeko eta hobetzeko erabiliko da”, esan du. “Premia badu, asko gainera”, aitortu du. “Orain arte ez dugu baliabiderik izan lanei ekiteko”. 2022an bertan hasiko dira: zorua aldatuko dute, zarata bakartzeko panelak jarriko dituzte eta mendiari eusteko prebentzio lanak egingo dituzte.
Zer gertatuko da kobraketa-sistemarik ezarri ez duten gidariekin? Bada, autoaren jabearen etxera faktura helaraziko diote eta ordainketa nola eta noiz egin behar duen zehaztuko zaio. Emandako egunetan ordaintzen ez badu, isuna jarriko zaio. “Gidariek denbora izango dute ordainketak egiteko, baina zorrotzak izango gara. Gauzak ongi egin dituztenek txintxo-txintxo ordainduko dute eta beste batzuk ezin dute ordaindu gabe egon”, esan du Oiarbidek.
Foru Aldundiak aurrez aurreko informazio puntuak jarriko ditu, herritarren zalantzak argitu eta Abiatu sistema ezartzen laguntzeko. Beasainen hasiko dira, udaletxearen beheko aldean. Urriaren 25ean eta 26an eta azaroaren 11n eta 12an eta 29an eta 30ean izango dira; Ormaiztegin, Gizarte Etxean, urriaren 27an, azaroaren 15ean eta abenduaren 1ean izango dira. Legazpira, Urretxura eta Zumarragara ere joango dira.