Antzeztaun zikloak «edizio berezia» dakar 10. urtemugan
Ostegunean hasi eta hilaren 22ra arte, bost emanaldi antolatu dituzte. Urtemuga dela eta, gala berezia egingo dute. Aurreneko aldiz Aian ere egingo dute ikuskizun bat
Antzeztaun arte eszenikoen zikloa bueltan da, eta edizio berezia izango du aurten. Batetik, jaialdiak 10. urtemuga duelako aurten, eta bestetik, pandemiak eragindako murrizketa gehienak kendu izanak ekitaldiak antolatzeko erraztasun gehiago emango dizkielako. Jaialdia antolatzen duen Intujai taldeko May Gorostiagak ere, «aurtengoa berezia» izango dela iragarri du, eta «gogo biziz» daudela.
Duela hamar urte antolatu zuten aurrenekoz Antzeztaun antzerki zikloa, eta geroztik, «urtez urte eta pixkanaka herriaren errealitatera egokitzen» joan dela dio Gorostiagak, eta baita «finkatzen» ere. «Publiko aldetik ume nahiz helduentzako saioak egiten ditugu, eta jaialdia deszentralizatzen saiatu gara, auzo guztietara iristeko». Aurten, aurreneko aldiz, Aian ere izango dira ikuskizun batekin.
Murrizketei dagokionean, iazkoa «urterik zailena» izan zela aitortu du Gorostiagak. Aurten, ordea, Herri Antzokia berreskuratu dute, baita beste eskenatoki batzutara zabaldu ere. Publikoari dagokionean ere, lokal edo areto bakoitzaren mugak izango dituzte kontuan, baina aurreko urteetako kontrolik gabe. Sarrera ere librea izango da, aretoak bete arte. «Ataun auzolan aldetik eredugarria izan da beti, eta zentzu horretan ez dugu inolako arazorik espero».
Bakarka nahiz taldean
Alazne Etxeberria aktore donostiarraren bakarrizketak zabalduko du zikloa, ostegunean egingo duen saioarekin. Besteak beste, Allí abajo telesail ospetsuan aritutakoa da Jon Plazaola urretxuarrarekin batera, eta orain, umorezko bakarrizketa batekin dator Atauna. Troskaeta tabernan izango da saioa.
Ostiralean berriz, aurtengo ediziorako berariaz sortutako ikuskizuna egingo dute. Urte hauetan guztietan Antzeztaunetik pasatako artistak bilduko dituzte, zirku gala berezian. «Dastatze menu baten modukoa izango da, oso saio arina eta bizia». Denak «euskal artistak» direla azaldu du, eta «kalitate handiko saioa» izango dela.
Ameli eta Xirrikituen jostunek bikoteak ere saio berezia egingo du. Igande arratsaldean Aiako Erroipen ariko dira, umeentzako saio batekin. Iluntzean berriz, udaletxeko ganbaran, helduentzako emanaldia egingo dute. «Lurdes Iriondori merezitako omenaldia egin diote; ikuskizun zoragarria da».
Eta zikloa bukatzeko, Erradikalak ginen bertso eta umorezko bakarrizketa saioa antolatu dute, hilaren 22rako. «Pastelaren ginda» izango dela aurreratu du Gorostiagak. «Ane Labakak eta Bea Egizabalek Erradikalak gara emanaldia egin zuten aurreko urtean eta arrakasta handia izan zuten; orain bigarren zatiarekin datoz». Ikustea merezi duen saioa izango dela aurreratu du.
Ataundarrak Tolosan
Antzeztaun zikloa ez da Intujai taldekoek eskuartean duten egitarau bakarra. Azarorako Zikloia jaialdia ari dira prestatzen, Tolosan. Eta han ere, Atauni keinu berezi bat egin nahi izan diotela azaldu du Gorostiagak. «Antzeztaunen 10. urtemuga dela eta, presentzia izatea nahi genuen». Azaroaren 20an izango da; Monika Arratibelek eta Maitane Aizpuruak Ataungo kondairak ikuskizuna egingo dute bertan.
Urriak 14, osteguna
· 22:00. Alazne Etxeberria: ‘Bikote bila zenbat komeri’ bakarrizketa. Troskaeta tabernan.Urriak 15, ostirala
· 16:30. Zirko Gala: ‘Antzeztaun 10 urte’. Xabi Larrea, Gorka Pereira, Sarini Zirko, Rodrigo Lacasa eta Intujai Teatro. Joxemiel Barandiaran eskolan.Urriak 17, igandea
· 16:30. Ameli eta Xirrikituen jostunek: ‘Saxofonistaren istorioak’. Erroipen (Aia).
· 20:00. Ameli eta Xirrikituen jostunek: ‘Isiltzen joan zirenak (Lurdes Iriondo)’. Udaletxeko ganbaran.Urriak 22, ostirala
· 22:00. Ane Labaka eta Beatriz Egizabal: ‘Erradikalak ginen’. Herri Antzokian.