Kortariak irabazi du Ordizia Txapeldun eta Urrezko Gazta
Lehen saria, Urrezko Gazta garaikurra eta hirugarren saria eraman ditu Lekarozko Kortariak. Bigarren saria Ordizian geratu da, Otatzako Joseba Insaustirentzat izan da. Bigarrenez
Kortariko Infernuko Gasna izan da gazta txapeldunen artean txapelduna Ordizian, Lekarozkoarentzat izan baita lehen postua, Urrezko Gazta garaikurra, eta hirugarren postua ere. Bigarren saria Ordizian geratu da, Otatzako Joseba Insaustik jaso du.
Gaur ospatu den Ordizia Txapeldun lehiaketa, 34. edizioa izan da, eta lehengoz, Plaza Nagusian egin dute. Euskal Jaietako Ardi Latxaren esnearekin egindako gazta lehiaketaren azken hamar urteetako (2012tik 2021era) irabazleen arteko lehiaketa da. Ekitaldia Ordiziako Idiazabal Gaztaren kofradiak eta Udalak antolatu dute aurten ere, Idiazabal Jatorri Izendapenaren laguntzarekin.
SAILKAPENA:
1) Julen Arburua (Kortaria, Lekaroz) – 9,07 puntu
2) Joseba Insausti (Otatza, Ordizia) – 8,79 puntu
3) Julen Arburua (Kortaria, Lekaroz) – 8,76 puntu
4) Jon Etxebarria (Ipiñaburu, Zenauri) – 8,32 puntu
5) Eneko Goiburu (Ondarre, Segura) – 8,18 puntu
6) Patxi Lopez de Uralde (Larrea) – 7,25 puntu
7) Ricardo Remiro (Eulate) – 7,20 puntu
8) Jon Etxebarria (Ipiñaburu, Zeanuri) – 7,15 puntu
9) Karmele Murua (Ondarre, Segura) – 7,11 puntu
10) Jose Luis Odriozola (Agerre Buru, Aia) – 7,11 puntu
Sari banaketaren ondoren, Julen Arburua irabazleak adierazi du sari nagusia jasotzea “sorpresa handia” izan dela. Euskal Jaietako gazta txapelketa bitan irabazi duenez (2018 eta 2019), bi gazta aurkeztu ditu gaurko txapelketara: Ketu bat, igandean, Idiazabalen bigarren saria eman zion gaztaren “anaia”; eta txuri bat, gaur garaipena eman diona, “Ordizian irailean aurkeztutakoa bezalakoa”. Gazta txuriak eman dio garaipena, eta horregatik ere sorpresa erakutsi du Lekarozko artzain gazteak, zeren “atzo dudan ginen txuria ekarri edo ez ekarri, eta azkenean, txuriarekin irabazi!”.
Bigarrenez irabazi du Ordizia Txapeldun lehiaketa
Sari hau irabazten duen bigarren aldia du Infernuko Gasnak. 2019 urtean irabazi zuen Ordizia Txapeldun lehenengoz. Bitxikeria moduan aipatu, 2019ko txapelketan, aurtengo moduan banatu zirela lehen hiru sariak. Lehenen eta hirugarren geratu zen Kortariakoa, eta bigarren postuan Joseba Insausti.