«Mendian korrika egiteak askatasun sentsazio handiagoa ematen du, ikaragarri betetzen nau»
Lide Urrestarazu (Ordizia, 1999) mendi lasterkari gaztea denboraldi bikaina egiten ari da. Gorbeia Suzien lasterketan hirugarren egin du maila absolutuan. Etorkizun handia du.
Gorbeia Suzien lasterketan ezustekoa eman zenuen, maila gorenean hirugarren postua lortuta.
Aurtengo denboraldian ondo ari naiz, iaz baino hobeto, baina bai, nik neuk ere ez nuen espero, egun horretan, absolutu mailan podiuma egingo nuenik.
Uda aurretik egin nituen lasterketetan ere oso gustura ibili nintzen. Ondoren, hilabete edo hilabete eta erdi, lasaiago ibili nintzen, lasterketarik gabe, entrenamenduak ere lasaiago hartuz, mendiaz gozatzen… Horregatik, abuztutik bueltan, nik neuk ere ez nekien ziurtasunez esaten nola nengoen, baina bai, ondo nabil, sentsazioak onak dira, eta niretzako ere sorpresa handia izan da Gorbeiako hirugarren postua.
Zein izan zen gakoa?
Egin dudan lasterketarik luzeenetakoa da, horregatik, suabeago atera nintzen, esango nuke horrek lagundu zidala; energia hobeto kudeatu nuen.
Garrantzia berezia zuen probak, Skyrunning Federationek antolatutako Skyrunner World Series eta Salomonen Golden Trail National Series zirkuituetarako puntugarria baita.
Munduko kopan ez naiz parte hartzen ari, baina egia da Gorbeia Suzien eta Andorran egin nuen beste lasteketa bat ere, Munduko koparako puntuagarriak direla. Hori horrela denean, partaideen maila nabarmen altuagoa izaten da; Gorbeiakoan, hala gertatu zen. Maila hain altuko lasterkarien artean hirugarren postu hori lortzeak, horrek du garrantziarik handiena niretzat.
Gozamena beraz…
Bai… zeren gainera lasterketa bera oso polita da. Euskal Herrian bertan ospatzen da, nire lagunak eta familiakoak ere bertan izan ziren… oso-oso berezia izan zen!
Orain arteko kirol ibilbidean, badituzu jada lorpen garrantzitsuak. Espainiako kopa irabazi zenuen Jaenen, 23 urtez azpikoen mailan, eta aurten ere, badituzu aukerak Espainiako kopa irabazteko, bai maila absolutuan, 7. postuan baitzaude, eta bai promesa mailan, lasterketa bakarraren faltan lider zaude eta.
Bai, hala da! Lau karreratik hiruk puntuatzen dute. Nik bitan parte hartu dut. Uste dut absolutu mailako 7. postua hobetzea posible izango dela.
Igandean, urriaren 17an, Malagan izango da Espainiako Kopako azkeneko lasterketa. Ezagutzen al duzu lehendik?
Lehenengo aldia da, eta ea zer moduz moldatzen naizen. Aurten, Euskal Herriko selekzioak aukera eman dit, eta horri esker, horrelako bidaiak egin ahal izatea, Malagakoa bezalako lasterketetan parte hartzea, opari bat da! Gozatzera joango naiz, eta gainera, emaitzek laguntzen badute, primeran!
Maila absolutuan lehen urtea duzu selekzioarekin, baina lehen ere izan zara taldeko parte.
Duela lau bat urte, gazteen taldea sortu zuten. Irati Zubizarreta beasaindarra eta biok sartu ginen taldean, eta oso esperientzia polita izan zen. Ondorengo urteetan ez zen talderik osatu eta lasaixeago ibili naiz.
Baina emaitzak onak izaten ari ziren, eta berriro deitu didate aurten. Esan beharra daukat, ilusio handia egiten didala Euskal Selekzioak nigan izan duen konfidantzak, uste baitut aukera handi bat dela, eta gainera, gainontzeko taldekideekin oso ongi konpontzen naiz, giro oso polita dago, bidaiatzeko eta jende asko ezagutzeko aukera zabaltzen dit,…horrek guztiak mugitzen nau, beraz, arrazoi asko ditut pozik egoteko.
Maila oso altua erakusten ari diren lasterkariak daude Euskal selekzioan. Erreferente dituzu?
Laida Elizegi, Ohiane Azkorbebeitia… baita ere Elena Calvillo, Maria Zorroza… Urrutira joan gabe, niretzat erreferente izan dira eta dira oraindik.
Goierrin badago harrobia…
Bai batzu-batzuk bagaude. Neska gazte gehixeago animatzea ere ondo legoke… eta taldetxo potente bat egitea…
Zu zeu nola hasi zinen?
Gurasoekin-eta txikitatik mendian asko-asko ibilitakoa naiz, betidanik gustatu izan zait. Gainera, Txindoki Atletismo Taldean ere txikitatik nabil. 16 urte inguru nituenenean, Arriarango lasterketan probatu nuen. Hura izan zen nire lehen mendi lasterketa eta asko gustatu zitzaidan.
Ordura arte, krosetan parte hartzen nuen, batik bat, baina egia esan, mendian korrika egiteak, horrek ematen duen askatasun sentsazioa…desberdina da! Hori nahi dut!
Arriarangoa eta gero, beste mendi lasterketa batzuetan ere probatu nuen, eta konturatzen joan nintzen, hori zela benetan gustatzen zitzaidana.
Jende askori ari zaio gertatzen hori ala?
Bai, zeren mendiak badu zerbait. Lehen esan dudan moduan, askatasun sentsazioa handiagoa da mendian. Nire kasuan behintzat, mendiak, naturak, ikaragarri betetzen nau, eguneroko agoniko horretatik ateratzen laguntzen dit, erlaxatzen nau… Imaginatzen dut beste askori ere hori gertatu zaiola.
Kirol arlotik kanpo, zertan ari zara orain?
Oraintxe, medikuntza ikasten ari naiz, baina mendia eta natura beti ditut presente, lagunekin ere denbora pasatzea, bidaitzea… guztien artean oreka bilatzen saiatzen naiz.
Bukatzeko, zein da zure hurrengo erronka nagusia?
Momentuan, denboraldia bukatzea, urriaren 17an Espainiako kopako azkeneko probarekin. Ondoren, Italiara noa, Munduko kopako proba batean parte hartzeko aukera eman baidit Euskal selekzioak. Maila handia egongo da eta gogotsu nago joateko, disfrutatzeko, taldekideekin gozatzeko, seguru paraje zoragarriak egongo direla…
Eta hortik aurrera, ikusiko dut. Kontua da, urte batetik bestera gauzak asko alda daitezkeela, eta ez dakidala ziur non eta zertan egongo naizen urtebete barru. Garbi daukadana da, mendiaz gozatzen jarraitu nahi dudala!
Urriaren 17an erabakiko da Espainiako kopa
Mendiko lasterketen Espainiako Kopa lau probak osatzen dute, eta sailkapena atleta bakoitzaren hiru parte-hartze onenen batura da; guztietan arituz gero, sailkapenik txarrena kenduz. Lide Urrestarazu ordiziarrak, oraingoz, bi proba korritu ditu, Algamitasekoa, Sevillan, apirilean, eta Las Palmas Kanaria Handikoan, maiatzean. Bigarrenean, Miranda de Ebron, ez zuen parte hartu. Azken sailkapena emango duen laugarren eta azken proba urriaren 17an jokatuko da, Alhaurin el Granden, Malagan, Los Tajos Skyrace izeneko lasterketan. Ordiziarra, lider dago promesen mailan, eta zazpigarren da, maila gorenekoan.