Mundura ematen duten leihoak
'Bilbao vs New York' erakusketa irekiko du Jose Manuel Mendez 'Mendo' -k etzi, Urretxuko Juan de Lizarazu aretoan. Paisaia urbanoa irudikatzen duten lanek osatzen dute erakusketa.
Paisaia urbanoak erakartzen du, batez ere, Jose Manuel Mendez Mendoren begirada. Margolaria eta pintura irakaslea da lanbidez eta «autodidakta frenetikoa», dio bere buruaz ari denean. Haurtzaroan hasi zen margotzen, gaixotasun luze baten terapia modura, eta ordutik ez da gelditu. Moskun, Txilen, Mexikon, Finlandian, Indonesian eta Amerikar Estatu Batuetan erakutsi ditu bere lanak, besteak beste. Marrazki, Pintura eta Akuarelako Espainiako Saria ere irabazi du besteren artean, eta Interneten AA Factory proiektuaren sortzailea ere bada 11.000 jarraitzailerekin. Bere lanak «mundura zabaltzen diren leihoak» direla dio. Bilbao vs New York erakusketa da horren adierazgarri. Etzi inauguratuko du, 19:30ean Urretxuko Juan de Lizarazu erakusketa aretoan.
Mendezek bilbotartzat du bere burua. Mundakan jaio bazen ere, Bizkaiko hiriburuan hazi da, eta bere paisaia inspirazio iturri izan da berarentzat haurra zenetik. Hau Urretxun eskainiko duen lehendabiziko erakusketa den arren, herriarekin duen harremana lehenagokoa da. «2016an Josu Maroto nirekin jarri zen harremanetan, eta Urretxun pintura tailer bat emateko proposamena egin zidan», azaldu du margolariak. Ordutik urtero bi tailer eskain izan ditu bertan, horietako bat «aire librekoa» izan ohi da.
Bi hiri, erakusketa bat
Erakusketaz galdetuta, bera oinarrian «paisaia urbanoko margolari bat» dela dio. Bilboko itsasadarra bere jatorria da, eta New York, berriz, «hiri urbanoetan urbanoena», bere hitzetan. Areago, «New York pintura urbanoa egiten duen margolariaren alter egoa» dela uste du. Hain ezberdinak diren bi hiri hauetan oinarritutako margolanak bildu ditu erakusketa honetarako. Bertaratzen direnek bere mundura ematen duten leihoak aurkituko ditu, «eguzki izpiek New Yorkeko eraikinak nola argiztatzen dituzten ikusiko dute, edo Bilboko itsasadarrak iradokitzen duen baretasuna sentitu. Hori da, azken batean, paisai-pinturak bilatzen duena», azaldu du.
Margolari «eklektikotzak» du bere burua Mendezek, eta «alkimia piktorikoaren eta espresionismoaren maitalea» ere badela dio. Orokorrean, artearen edo pinturaren inguruko kulturarik ez dagoelako kexu da eta horregatik uste du margolarien lana ez dela koadroak erakustera bakarrik mugatu behar, «erabiltzen ditugun teknikak zeintzuk diren azaltzeko betebeharra ere» badutela azpimarratu du.
Hilaren amaierara arte
Ikusgai izango diren koadroetan teknika ezberdinak erabili ditu. «Margolariok ikusten dugun hori iragazi behar dugu, gure egin, eta horretarako teknika ezberdinak ditugu eskura, buruan daukagun hori paperean edo oihalean irudikatzeko». Teknika ezberdinak erabiliz emaitza ezberdinak lortzen dira eta «margolariak teknika bakoitzak zer eman dezakeen eta noraino iritsi daitekeen jakin behar du», gaineratu du .
Mendezen lanak urriaren 31ra arte egongo dira ikusgai Juan de Lizarazun, gerturatzen den guztiaren gozagarri. Egileak dioen bezala, arteak ez baitio plazera sortzen duenari bakarrik ematen, ikusten duenari ere bai.