Larunbatetako azokako zumarragarrak
Zumarragarrek estimu handian dute larunbatetako azoka. Azokaren arima saltzaileak eta erosleak dira. Saltzaileen artean, Udane eta Mariñe Arbeo Astigarraga herriko barazki saltzaile gazteak daude.
Zumarragarrek estimu handian dute larunbatetako azoka. Saltzaileak dira azokako arima. Horien artean daude Udane eta Mariñe Arbeo Astigarraga gazteak.
Bi gazte hauen ama, Edurne Astigarraga azkoitiarra, baserritarra da. Azkoititik Zumarragako Agiña auzoko Martiamuno baserrira etorri zen eta bertan ere beti baratza izan du.
Duela 10 bat urte, bere bi alabak azokara joaten hasi ziren. «Amari deitu zioten, Zumarragako udaletxetik. Herriko saltzaile gutxi zeudela esan zioten. Hala, animatu egin ginen. Ordura arte etxerako ekoizten genuen. Dei haren ondoren, apur bat gehiago ekoizten eta azokara etortzen hasi ginen», gogoratu dute Arbeo-Astigarraga ahizpek.
Bi ahizpak oso gustura joaten dira azokara. «Azoka mundua umetatik ezagutzen genuen, amak lore lehorrak saltzen baitzituen. Baina barazkiekin duela 10 urte hasi ginen. Gaztetxoak ginen eta amak guretzako diru iturri polita izan zitekeela esan zigun. Lanaren garrantziaz kontzientziatzeko ere balio izan digu. Gustua hartu genion eta orain pena emango liguke uzteak », azaldu dute.
Garaian garaikoa saltzen dute, noski. «Barazkiak, fruta eta fruitu lehorrak saltzen ditugu. Baita menbrilloa, marmelada eta pastelak ere».
Baratzeko lanaz ama arduratzen da, batez ere, baina azokara joaten direnetik baratzeko lana gertuagotik jarraitzen dute. «Gu ere, pixkanaka, ikasten ari gara. Saltzen dugun horren gaineko kezka dugulako eta bezeroek galderak egiten dizkigutelako», aipatu dute.
Oso harreman ona dute bezeroekin. «Bezero batzuk astero etortzen dira eta horiekin hartu-eman estua dugu. Bezero gehienak adinekoak dira. Azoka topagune bat da beraientzat. Oso polita da. Beraiek gugandik ikasten dute eta guk beraiengandik. Belaunaldi ezberdinen arteko hartu-eman hori oso interesgarria da. Hona ez gara saltzera bakarrik etortzen. Hau bizitzeko estilo bat da. Baina gazte gutxi etortzen dira».
Gainontzeko saltzaileekin ere harremana dute, noski. «Aldameneko saltzaileekin ere harremana dugu. Saltzaile gehienak ere adinekoak dira. Ogi saltzaileen artean jende gaztea dago, baina barazki saltzaile gehienak adinekoak dira».
Gazteak kontzientziatu beharra dagoela uste dute. «Urte osoan denetik jan nahi dugu, baina garaian garaikoa jan behar da. Zergatik jan behar ditugu udako produktuak abenduan? Gazte askok nahiago dute hipermerkatura joan eta denetik erosi, baina azokan bertakoa saltzen dugu, garaian garaikoa, eta ekoizlea bera da saltzen duena. Azokak ekoizlea ezagutzeko aukera ematen du».
Produktu ekologikoak
Martiamunoko produktuak, bertakoak izateaz gain, ekologikoak dira. «Azokan tomate hidroponikoak ikusten dira eta lurrean landutakoak bezala saltzen dituzte. Hipermerkatuetan saltzen direnen modukoak dira. Ez dakit bezeroak zenbateraino dakien zer ari den erosten. Guretzat ekologikoa eta aire zabalekoa izatea ezinbestekoa da. Ez dugu negutegirik. Guk irailean ekartzen ditugu tomateak. Zer erosten ari garen jakiteko, onena baserritarra eta bere produktua ezagutzea da».
Lehiaketetan ere hori guztia zaindu beharko litzatekeela uste dute. «Lehiaketetan sagar politak saritzen dituzte, baina ez dakigu sagar horiek nongoak diren».
Kezkati ageri dira. «Zumarragako azokaren etorkizuna tristura apur batekin ikusten dugu, saltzaile batzuk beste batzuei erositako produktuak saltzen baitituzte eta produktu ez ekologikoak ikusten baitira».