Beasaingo ibaiak lehengoratzeko prozesua azken fasean da
Oria, Agauntza eta Estanda ibaietako arroetan bertako espezieak landatuko dituzte. Leire Artolak eta Adur Ugartemendiak bi kimu landatu dituzte lanen hasiera irudikatzeko
Beasaingo erreken ibar-basoa lehengoratzeko prozesua hirugarren eta azken fasean sartu da. Bertako espezieak landatuko dituzte datozen egunetan. Haltza, sahatsa, lizarra eta hurritza, zehazki. 200 adaxka landatuko dituzte, denera. Leire Artola alkateak eta Adur Ugartemendia Lurraldea Saileko batzordeburuak landatu dituzte bi, gaur goizean, lanen hasiera irudikatzeko.
Aranzadi Zientzia Elkarteko biologia alorreko adituek landatuko dituzte gainerakoak. Oria, Agauntza eta Estanda ibaietako arroan kokatuko dituzte, zortzi kilometroko luzeran. Ibar-basoaren atzean bigarren gerriko bat osatuko dute zuhaitzek. Aranzadiko teknikariek aipatu dute zuhaitzek ez dutela zaintza berezirik behar etorkizunean, urteen eta euriaren poderioz aurrera euren kabuz aterako direla.
Hazitakoan uztailean erauzitako espezie inbaditzaileen espazioa hartuko dute eta ibarbasoa lehengoratuta geldituko da. Hala, biodibertsitatea hobetzea espero du udalak. Egungo kalitatea “eskasa” dela onartu du Artolak, nahiz eta gogorarazi duen Agauntza Garrantzi Komunitarioko Lekua den, “bertan bisoi europarra bizi daitekeelako”. Artolaren arabera, Udalarentzat “ezinbestekoa” da “herria txukun mantentzea eta natur ondarea babestea”, “herritarren ongizatean eta eta klima aldaketaren aurkako erronkan eragin zuzena duelako”. Herritarrak ibaietara zaborrik ez botatzeko sentsibilizazio kanpainekin jarraituko dutela iragarri du, biltzen den zabor kopurua handia delako oraindik ere.
Hirugarren urratsa
Ia 200 kilo atera zituzten Oria ibaitik arratsalde bakarrean, uztaila amaieran egindako saio batean. Ibai bazterrak garbitzea izan zen lehen urratsa; udan Aranzadikoek espezie inbaditzaileak erauzi zituzten bigarren urrats bezala. 1.800 bat metro koadro erauzi zituzten denera, hamalau espezie desberdinetakoak. Erre egin zituzten.
Aranzadikoek Ormaiztegiko Ikerlore enpresaren laguntza izan zuten erauzketa lanetan. Espezie autoktonoak ere bertatik lortu dituzte.