Jan ohiturak baldintzatzen du eskaintza
Udazken produktuen momentu goren honetan, onddoa da nabarmentzen dena; lehen gaztaina genuen produktu izarra.
Goiz freskoa 9 gradu baina egun polita zetorrela goizean goizetik nabarmen. Azken 10 urteetan gazta txapelketa irabazleen arteko hoberenaren aukeraketak bere markatxoa utzi zuen. Artzainak, epaimahaikideak, erakundeetako ordezkariak gaztaren bueltan etorriak ohikoa zen merkatuari aparteko ukitua ematen.
Produktuei dagokionez irasagar dultzea aipagai. Orain arte sagarrarekin egina eskaintzen zuten eta askoz kilo gutxiago egiten badituzte ere irasagarrekin egiten duenik bada. Atzo Arantxa Zurutuzak biak zituen aukeran 2,5 euroan ontzia. Landaretan udaberriko aza 0,10€ bakoitza eta ilar landarea. Gehienek ilarra ereiten badute ere, Montesenekoek ernetua saltzen dute 0,20 euroan bakoitza. Etxeko semeak Joseba Izagirre Iparragirrek ekin zion lan honi eta poliki-poliki geroz eta gehiago saltzen da horrela. Bestela momentuan porru eta tipulin landareak dira gehien saltzen direnak.
Onddoak irabazten
Gizartearen aldaketaren lekukotza garbia dira herrietako merkatuak ere. Iaz irailaren azken feriako kronikan onddoek Ordiziako merkatuan azaltzen hasi zirenetik orain arteko garapenaren berri eman genuen, inork ez biltzetik merkatura ekarri eta prezio politean saltzen hasi artekoa kontatuz. Gaur egun propio onddoak erostera jende asko etortzen da. Produktu honen erakarpenak nabarmen gora egin duen bezala, behera egin dute basakanak eta gaztainak. Batetik patxaran geroz eta gutxiago egiten duela jendeak diote saltzaileek. Eta bestetik, gaztain jateak ere asko bakandu dira. Orain postuetan kilo gutxi ikusten da salgai (3-4 €/k) eta ez du aparteko arrakastarik ere.
Gaztainak galtzen
Alde ederra dago Zaldibiako Joxe Mari Etxeberriak (Zaldibia 1932) kontatzen duenarekin: «Gu mutiko kozkor ginela gaztaina asko saltzen zen hemen, gu geuk asteazken baten 800 bat kilo igual, etxetik hona garraioan bi buelta gutxienez. Seguro ez dakit baina orduko 15 eta 25 zentimotan, errealean (25 zentimo), kiloa. Dozena erdi kamiotik gora saltzen zen astero. Gehienak jeneralean Bizkaira eramaten zituzten. Gure etxean 10-12 klase desberdin izango ziren: Oñati gaztina, Lazkao, Inurrie, Legorreta gaztaina… hauxe izaten zen dotoreena. Bost lagun aritzen ginen aste guztian biltzen eta gero errosarioa errezatuz onenak honera ekartzeko apartatzen».