Antzerki taldeak Igartza bete egingo du, bisita gidatuan
Igartzako historia laburbilduko dute, ordubetean. Ikuskizun inklusiboa izango da, zeinu hizkuntza ere erabiliko dutelako. Gonbidapen guztiak banatu dituzte
Igartzako Monumentu Multzoa historia handiko eremua da. Mendeetan zehar zenbat bidaiari igaro ote dira bertako harrizko zubitik. Kuadrilla berezi batek igaroko du bihar, iraganeko beasaindarrez osatutako kuadrilla batek. Herriko antzerki taldeak Igartza Bizi bisita gidatu antzeztua egingo du 17:30etik 18:30era. Eserita ikusi beharko da, kalean izan arren, une oro ikusleen artean segurtasun distantzia mantentzen dela bermatzeko. Bete egingo da, gonbidapen guztiak banatu baitituzte.
Anita Alonso taldeko arduradunak aurreratu du garai bateko lanbideak, jolasak, eskolak… ekarriko dituztela, «aurreko urteetan bezala». «Baina urtero saiatzen gara berritasunen bat txertatzen. Aurten zeinuen hizkuntza ere erabiliko dugu», aurreratu du.
Bisita gidatu antzeztua Ondarearen Europako Jardunaldien baitan antolatu dute. Zikloaren aurtengo helburua inklusibitatea zabaltzea da, herritar guztiek ondareaz gozatzeko aukera izan dezaten. «Taldean zeinu hizkuntza ezagutzen duen kide bat dugu. Lehen ere antzezlan batean zeinuen bidez hitz egiten zuen pertsonaia bat sartu genuen, eta orain berreskuratzea erabaki dugu», azaldu du Alonsok. Aktoreek euren jarduna berdin egingo dute, baina alboan narratzaile bat izango dute, entzumen arazoak dituztenek ere antzezlana ulertu dezaten.
Paperean gehiago barneratzeko elizak utzi ohi dizkie hainbat jantzi. Garbitu eta itzuli egiten zituzten lehen, baina erabilerarik ez zutela eta, taldeari oparitu dizkiote aurrerantzean ere beraiek izan ditzaten.
Antzerki taldea, osasuntsu
Beasaingo antzerki taldearentzat pandemia garaiak beraientzat ere gogorrak izan ziren arren, Alonsok osasuntsu ikusten du taldea. Haur eta nerabe asko dituztenez aurten bi taldetan banatu dira, adinaren arabera; helduena ere badago, hirugarren taldea. Duela hilabete baino gehiago hasi zituen entseguak. Prest daude biharkorako.