COVID-19aren «errelatoa eraki dute»
Bizitza Plataformak Plazaz Plaza ekitaldia egin du COVID-19aren bueltan gertatzen ari denaren inguruan ahots desberdinei tokia emateko, bertsio ofizialetik harago.
![](https://goierri.hitza.eus/site/files/2021/10/2021-10-15-p004_f01-1200x750.jpg)
Bertsio ofizialetik harago, beste ikuspuntu batzuk ere badaudelako, eta hori plazaratu nahian, Bizitza Plataformako Goierri Beheko taldeak, Plazaz Plazako ekitaldia egin du Beasainen. Azkeneko urte eta erdian gertatu denaren inguruan, irakurketa propioa egin dute, eta salatu dute bertsio ofizialak kontatzen duena «interesek eraikitakoa» izan dela. COVID-19aren bueltan gertatu denaren eta gertatzen ari denaren inguruan beren ikuspuntua azaldu zuten Beasainen Idoia Larrañaga terapeutak, Jon Ander Etxebarria biologoak eta Euskadiko Biologoen Elkargoko dekano ohiak, eta Mikel Alzuart abeltzain eta bertsolariak.
Gai asko jarri zituzten mahai gainean. Adibidez, txertoek animaliengan sortzen dituen ondorioen inguruan, eta birusen jokamoldeaz mintzatu zen Mikel Altzuart. Bera izan zen lehena hitza hartzen. Bere eguneroko esperientziatik eta ikerketa desberdinetatik jasotako jakinduriatik hitz egin zuen, gaur gaurkoz «COVID-19aren kontra ematen ari diren txertoaren fidagarritasun eza» azaltzeko.
Osasunari «kaltea»
Idoia Larrañaga terapeuta eta nutrizionista da. COVID-19aren hedatzea saihesteko hartu diren neurrien kontra dago. Azken urte eta erdian gertatzen ari dena «oso-oso larria» dela dio; «sarraski bat egiten ari dira, milioika hildako daude, hilabete gutxi hauetan txertoek sortu dituzte Estatu Batuetan, Europan eta Erresuma Batuan, 40.000 hildako erregistratuak daudenak,…». Larrañagak, «kezka handia» agertu du; «ez dakigu epe labur eta luzera txertoek zer ekarriko duten».
Kezka baita ere, COVID-19aren hedatzea saihesteko gobernuek orain arte hartu dituzten erabakiek eta neurriek «gizartean eta batez ere haurrengan duten ondorioengatik». Larrañagak esan duenez, «gizarte erabat distopikoa daukagu, gaixoa, errealitatea aztertzeko gaitasunik gabea,…». Nabarmendu du baita ere, beste herrialde batzuen ondoan «kondizio txarrenak hemen izan ditugula», eta hori, «ulertezina» dela, horregatik galdetzen du, «zer ari da gertatzen?».
Hainbat hipotesi ditu: «Helburua zer da, Australian ezarri den kontrol poliziala? Espetxeratzea kalean musukoa ez jartzegatik? Zein da eredua, Txinako kontrol faziala?…». Gertatzen ari den guztia, «mundu mailan gertatzen ari den jake ekonomikoagatik» dela ziur dago. «Beldurra medio, pertsonak menpekotasunean mantentzea da helburu nagusia» eta «herritar bakoitzak du hau guztia gelditzeko ahalmena», Larrañagaren hitzetan.
Gripearen txertoa
Jon Ander Etxebarria biologoa ere Beasaingo ekitaldian egon zen. Lehendabizi argitu zuen ez dela «ez negazionista, ez konspiranoikoa», eta bere ikuspuntutik zer gertatu den eta gertatzen ari den kontatu du: «Eraiki behar izan dute kontakizun bat». Etxebarriak dioenez, «gripearen txertoan dago oinarria, horregatik gertatu ziren lehen olatuko hildakoak», baina errepikatu du, «beste errelato bat egin» dutela.
Gobernuek orain hartu dituzten erabakiak, musukoaren erabilpena ez beste neurri zorrotzak indargabetzea, alegia, «iazko udan hartu beharko» zituztela ere esan du Etxebarriak. Hori gertatu ez izanaren arrazoiak ere eman ditu biologoak: «Txertoak ematen jarraitzeko aitzakia izan da, eta udazkenean gripeak ospitalizazioak eragingo zituenez, hori ere tapatu nahi izan dute. Hori da, hain zuzen ere, bigarren eta hirugarren olatuen atzean dagoena, eta kontatu ez dutena». Eta ondorengo olatuak «txertoetatik eratorritako arazoengatik izan dira».
Bestalde, PCR probak «nahi bezala erabili» dituztela ere esan du Etxebarriak: «Ez dituzte jarraitu proba hori asmatu zuenak ematen dituen gomendioak, beraz, emaitzak ez dira batere fidagarriak».
Bestalde, gaiaren inguruko hausnarketarako iritzi desberdinen foro bat eskatu dute, «beharrezkoa delako gaia mahai gainean jartzea, baina gure eskaerei entzungor egin diete».
Neurriak indargabetzeko sinadura bilketa
Eskola ikasturte berriarekin batera, ikastetxeetako protokoloetan moldaketak iragarri zituen Gobernuak, baina txkienek musukoa eramaten jarraitu beharko dute, adibidez. Bizitza Plataformak, protokolo guztiak bertan behera gelditzea du helburu, «horrek bakarrik bermatuko duelako umeen askatasuna eta osasun integrala. Protokoloak kentzeko eskaera egiteko sinadura bilketa jarri dute martxan, eta dagoeneko 3.200 lagunek sinatu dute. Urriaren 22ra arte dago epea.
Bizitza Plataformak ondorengoa eskatzen du: tenperatura hartzeari uztea; hidrogelaren eta musukoaren erabilera boluntarioa izatea; distantzia sozialik ez izatea; ikastetxeetan txertaketa egiten ez uztea; ikasleak ez beldurtzea eta mehatxatzea; eta gai honengatik ikasleen artean bulling egiten ez uztea.
Eskaera hauek guztiak, banan-banan indargatzeko argudioak txosten batean bildu dituzte, guztiontzat eskuragarri dagoena.
Txostenean, urte eta erdi honetako neurrien eraginkortasuna zalantzan jartzen dute datuak aurkeztuta, neurriok kode zibilaren eta giza eskubideen kontrakoak direla salatzen dute, eta erantzukizun penala eska daitekeela ere azaltzen dute, besteak beste.