Zumarragako energia komunitatea 2021erako martxan egongo da
Zumarragako Udala herriko bost eraikin publikotan plaka fotovoltaikoak jartzen ari da. 180 bizilagun inguruk eman dute izena eta oraindik ia beste ehunentzako tokia dago
Zumarragako Udalak, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Edinor enpresaren laguntzarekin, tokiko energia komunitate bat martxan jartzen ari dira. Herriko bost tokitan plaka fotovoltaikoak jartzen ari dira eta plaka horiek sortuko duten energia komunitateko kideek erabiliko dute. 260 lagunentzako tokia dago eta dagoeneko 180 bizilagunek baino gehiagok eman dute izena. Egitasmo honetan izena emateko, udaletxera jo behar da. Bizilagunak urte amaieran hasiko dira plaka fotovoltaikoen bidez sortuko den energia kontsumitzen.
Mikel Serrano alkateak, Jose Ignacio Asensio Ingurumen diputatuak eta Edinor enpresako Ignacio Zubiak prentsaurrekoa eman zuten atzo Argixao estadioan egitasmoaren nondik norakoak azaltzeko.
Egitasmoa otsailean aurkeztu zuten eta ordutik hainbat pauso eman dituzte. «Zumarragako bost gunetan plaka fotovoltaikoak jartzen ari gara. Trantsizio energetikoa erronka handia da eta erakunde guztiok egin behar diogu aurre. Dagoeneko 180 bizilagunek baino gehiagok eman dute izena. Horien artean 15 bat denda daude. Horiek dira, hain zuzen ere, energia gehien kontsumitzen dutenak», azaldu zuen Serranok.
Energia: berdea eta merkea
Komunitateko kideek energiaren %25-30 plaka fotovoltaikoetatik lortuko dute eta gainontzekoa erosi egin beharko dute. %25 inguru gutxiago ordainduko dute argindarraren truke, taldearen indarra edukiko baitute banatzaileekin negoziatzeko orduan.
Gainera, ingurumenaren alde lan egingo dute, eguzki energia erabiltzeaz gain, banatzaileei energia berdea erosiko baitiete. Zumarragako alkateak egitasmo parte hartzailea dela ere azpimarratu zuen.
Plakak herriko bost tokitan jartzen ari dira: Argixao estadioko harmailan, Busca Isusi kaleko etxebizitza sozialetan, kultur etxean, Antonino Oraako ikastetxean eta Izazpi auzoko kantxa estalian.
Asensiok eskerrak eman zizkien Zumarragako Udalari eta Edinorri, trantsizio energetikoa bultzatzeagatik. «Zumarraga aitzindaria da eta Zumarraga egiten ari dena eredu izan behar da. Eredu energetikoa aldatu behar da eta energia berriztagarrien aldeko apustua egin, emisioak gutxitzeko. Aldundiak komunitate energetikoen aldeko apustua egin du, aipatutako guztiaz gain, parte hartzea bultzatzen dutelako». Zubiak zumarragarrak parte hartzera animatu zituen. «Oraindik 100 bat bizilagunentzako tokia dago. Herrigunean bizi diren guztiek parte har dezakete», esan zuen.