Goierrik Ogiaren Nazioarteko Egunarekin bat egin du
Lazkaoko, Legazpiko, Ordiziako, Urretxuko eta Zumarragako hainbat okindegik ZOGIonak kanpaina dute martxan euren eguna ospatzeko.
Gaur, urriak 16 Ogiaren Nazioarteko Eguna da. Goierriko hainbat herritako okindegiek bat egin dute egunarekin. Gipuzkoako Okindegien Elkarteak produktu hau balioan jarri eta sektore honetako profesionalen lana ikustarazi eta zabaltzeko helburuarekin hainbat ekintza antolatu ditu aste guztian zehar, ZOGIonak izenburupean.
Lazkaoko eta Ordiziako Garin, Legazpi eta Urretxuko Endaia eta Zumarragako Eitza okindegiek hartu dute parte ekimenean. Gipuzkoan, guztira, 38 izan dira. Eguneko ogia egitasmoaren baitan, okindegi bakoitzak eguneko ogi bat aurkeztu du eta bezeroek probatzeko aukera izan dute. Erosketak egin dituzten bezero guztiek zozketa batean parte hartuko dute. Zozketa bihar egingo da eta okindegi bakoitzeko bost irabazle egongo dira. Irabazleek urriaren 24ra bitartean opari bat jasoko dute.
Gainera, okindegiek zorion txartelak biltzeko kutxak jarri dituzte denda aurreetan. Zorion txartel berezienak aukeratuko dituzte, hiru guztira. Irabazleek landa-turismo batean asteburu bat irabaziko dute.