Iñaki Isasik eta Enara Oronozek irabazi dute Zegama-Aizkorri mendi duatloia
Banaka edo bikoteka parte hartzeko aukera egon da. Sail honetan Aitor Perez eta Jon Urteagak osatutako bikoteak irabazi du proba.
Eguraldi ona lagun, 15:30ean puntuan hasi da Zegama-Aizkorri mendi duatloia, Zegamako Elkartu Nahi Txirrindulari Elkarteak antolatuta. Guztira 106 txirrindularik hartu dute parte, 68k banaka eta gainontzekoak bikoteka. Horietatik bederatzi neska baino ez dira animatu, seik banaka parte hartu dute eta gainontzeko hiruak bikoteka.
Iñaki Isasik irabazi du lasterketa mutilen mailan, 1:52:48ko denbora eginda. Xabier Madrona izan da bigarren (1:53:14) eta Eneko Gurrutxaga hirugarren (1:55:53). Lasterketa normaltasunez burutu dela esan dute antolatzaileek, baina Isasi, lasterketako irabazlea anbulantzian eraman behar izan dute helmugara iritsi eta segituan. Eroriko baten ondorioz belaunean zauri sakon samarra egin du, ezer larria ez dela izan adierazi duten arren.
Nesketan, Enara Oronoz izan da lehena 2:29:15eko denborarekin. Alde nabarmena atera die Oronozek bigarren eta hirugarren postuetan sailkatu diren Inma Pereiro (3:01:00) eta Nekane Praderari (3:03:00).
Bikoteka Aitor-Perez eta Jon Urteaga helmugaratu dira lehenak. Biek ala biek lasterketako denborarik onena egin dute gainera, 1:50:39ko denboran burutu baitute lasterketa. Hugo Ricardo Texeirak eta Ibon Ruiz de Aldak (1:56:15) eta segundo gutxira jarraitu dieten Borja Aranzabalek eta Jon Alberdik (1:57:04) egin dute bigarren eta hirugarren, hurrenez hurren.
Euskal Herriko mendi duatloi zirkuituko bosgarren proba izan da Zegamakoa.