Maren Galvez eta Gorka Granado dira Euskal Herriko dantzari onenak
Guztira 15 bikote aritu dira oholtza gainean, dantza txapelketaren 45. edizio honetan. Baratze pilotalekua jendez bete da gaurkoan ere.
Amaitu berri da Seguran jokatu den Euskal Herriko Dantza Txapelketa. Epaimahaiaren iritziz Maren Galvez eta Gorka Granado izan dira 45. edizio honetako dantzaririk onenak. Sopelako herria ordezkatuz egin du dantza bikoteak, nahiz eta Galvez lezoarra den. Granado izan da, aurtengo txapelketan aritu den dantzari bizkaitar bakarra. Baratze pilotalekuan bildu den jendetzak txalo artean hartu du epaimahaiaren erabakia.
Beraientzat izan da, hortaz, Segurako udalaren Sari Nagusia, Aitor Ruiz de Eguino eskultorearen garaikurra, 800 euro eta oroigarria, txapela eta lepokoa eta baita, Gipuzkoako Euskal Dantzarien Biltzarrak emandako trofeoa ere. Baina ez da hori bikoteak jaso duen sari bakarra izan. Lurralde bakoitzean ongien sailkatu den bikoteari saria ere jaso dute, kasu honetan Bizkaiko Foru Aldundiaren eskutik.
Pozik eta hunkituta jaso dute saria biek ala biek. Granadok aitortu duenez, “espero gabekoa” izan da gaurko garaipena, eta Seguran parte hartzea berezia dela ere gaineratu du, “ez daukat hitzik hau adierazteko”, esan du. Familia, lagunak eta Oinkari dantza taldea izan dituzte gogoan saria jasotzerako orduan, baina txapela Rafari, Lezoko dantzari ohi eta epaileari eskaini nahi izan diote, “une zaila igarotzen ari da eta gogoan izan nahi dugu”, adierazi du Galvezek.
Euskal Herriko zazpi lurraldeetatik lauren ordezkaritza izan da gaur Seguran. Guztira, 15 bikotek hartu dute parte, gehienak gipuzkoarrak. Nafarroa eta Arabako ordezkaritzarik ez da izan gaur, baina aurten, Iparraldeko bost bikote izan dira partaideen artean.
Hau izan da sailkapen orokorra:
- 1. saria: Maren Galvez eta Gorka Granado. Sopela.
- 2. saria: Saioa Galarraga eta Julen Murgiondo. Bergara.
- 3. saria: Katerin Artola eta Iker Belintxon. Lezo. Hauek dira iazko irabazleak.
- Dantza jantzien saria: Maren Galvez eta Gorka Granado. Sopela.
- Lurralde bakoitzeko ongien sailkatu den bikoteari bere foru aldundiko saria:
– Nafarroa Beherea: Marie Feyri eta Battitt Etchart. Bidarrai.
– Bizkaia: Maren Galvez eta Gorka Granado. Sopela.
– Gipuzkoa: Saioa Galarraga eta Julen Murgiondo. Bergara.
– Lapurdi: Oihana Betelu eta Pierre Latasa. Urruña.
- Guillermo Areizaga sari berezia, txapelketara lehendabiziko aldiz aurkezten diren bikoteen artean ongien aritu denari: Olatz Azkue eta Mattin Etxebeste. Oiartzun.