Presoen eta iheslarien aldeko musika jaialdia egiten ari dira Ataunen
San Martin plazatik 17:30ean atera den kalejira jendetsuak eman dio hasiera ekimenari. Pandemia garaian presoen, iheslarien eta deportatuen alde murriztutako diru sarreren falta estaltzea da ekitaldiaren helburu nagusia.
Euskal presoen, iheslarien eta deportatuen eskubideen aldeko jarduna babesteko eta laguntzeko musika jaialdia antolatu dute gaur Ataunen. Ekimenari 17:30ean eman diote hasiera kalejira jendetsu batekin, San Martingo plazatik abiatuta. Handik Joxemiel Barandiaran Herri Eskolara joan dira. Eskola kanpoaldean ari da gauzatzen jaialdia, osasun larrialdiaren mugak kenduta kontzertu jendetsua egiten ari dira, lehenengo aldiz.
Bergarako Añube taldeak ireki du musika jaialdia, Brigade Loco talde gipuzkoarraren txanda izango da 20:00etan eta amaitzeko, Unidad Alavesa herritarrak taularatuko dira 22:00etatik aurrera. Tartean Baliño ataundarra ari da DJ lanak egiten.