Aitor Zunzunegi eta Maud Combarieu garaile IV. Ordiziako mendi maratoierdian
72 korrikalarik hartu dute parte Goierri Kopa Trail ligako azkeneko lasterketan
08:30etan irten dira Ordiziako mendi maratoi erdiko korrikalariak mendian gora, Larraiztik abiatuta. 1968ko ekainean Juanito Rubioren eta Jose Inazio Eskisabelen arteko apustua izan zen lasterketa hau antolatzeko arrazoia bere hastapenetan, eta dagoeneko IV. edizioa ospatu dute. Rubiok eta Eskisabelek, San Migelera joan-etorria egin zuten, Larraiztik abiatuta, baina gaurko korrikalariek, ordea, Igaratzara joan-etorria egin dute, Alotzatik pasata.
20 kilometroko ibilbidea egin ostean, Aitor Zunzunegi legorretarra izan da lehenengoa helmugaratzen, 1:45:33 denborarekin. Haren atzetik heldu dira Xabat Pagola hernaniarra bigarren postuan (1:49:10) eta Aitor Regillaga tolosarra hirugarrengoan (1:50:46).
Emakumezkoen kategoriari dagokionez, sailkapenen norabidea aldatu egin da lasterketako azken tartean. Irati Zubizarreta beasaindarra ibilbide guztian zehar aurretik ibili den arren, beheranzko bidean bareak heldu dio eta hirugarren postuan (2:08:22) helmugaratu da azkenean. Lehenengo postu desiratua Urruñako Maud Combarieuk lortu du 2:07:10 denborarekin, eta haren atzetik Oihana Zubillaga sartu da (2:07:49).
Lasterketako sailkapen orokorra, Kronoak orrialdean ikus daiteke.