Sega jaialdi jendetsua ospatu dute Zaldibian
Lehiaketak alde batera utzita, segaz gozatzeko saioa egin dute gaur eguerdian Mugertzako zelaietan
Almitza elkarteak antolatutako sega jaialdia gaur eguerdian ospatu dute Zaldibian. Adin guztietako segalariak bildu dira Mugertzako zelaietan kirol honen erakustaldia egiteko asmoz. Gaurkoan lehiaketa eta puntuak alde batera uztea erabaki dute, segaz osoki gozatzeko helburuarekin.
11:15 Arresenean elkartu dira parte-hartzaile zein ikusle guztiak, eta handik, Zaldibiako txistulari bandak lagunduta, herri sarreran aurkitzen diren Mugertzako zelaietaraino joan dira bertan sega saioa egiteko. Aurkezleak berak aipatu duen moduan, gaurko egunean ez dute lehiaketarik egin, baina «segaren» eta «euskal kulturaren» transmisioari laguntzeko balio izan du gaurko egunak, kirolaz gozatzeko aukera izateaz gain.
Mugertzan txanda ezberdinetan aritu dira segan. 16 urtez beheko 15-16 gaztetxo, 6-8 emakume, eta Euskal Ligako lehen hiru gizon-emakume bikote mistoak, txanda librean: Julen Gabilondo-Malu Henriksen, Ainara Otamendi-Mikel Lizartza eta Alaitz Imaz-Jon Otegi. Sasoiari amaiera emateko, bazkari bikaina egin dute.